San Joan auzoan, saihesbideko errotondaren ertzean dagoen kontzeju etxeak konponketa premia du. "Zutabeak pipiak jota daude eta bajerako zorua konpondu beharra dago. Nafarroako Gobernuaren Tokiko Inbertsioen Planera laguntza eskaera aurkeztu genuen, eta ebazpenaren zain gaude. Hala ere, kontzeju etxea, bai ala bai, konpondu beharra dago". Hala azaldu du egoera Luis Beraza Ameztegik, kontzejuko presidenteak.
Bestalde, herrian aurten eginen diren lanen artean daude hiru bideren konponketa, 2021eko abenduko uholdeek hondatutakoak hain zuzen ere. Txopordi, Arranbidea eta Zapardi bideak dira konponduko direnak. Aurreneko bi bideak porlanezkoak izanen dira. Lanen aurrekontua 47.344,54 eurokoa da eta "ia dena dirulaguntzen bidez ordainduko dugu", azaldu du kontzejuko presidenteak. Bestetik, Arakilgo Udalak kontratatuko dituen langileak bide bazterrak garbitu, futbol zelaiko belarra moztu eta berdegune publikoen mantentzeaz arduratuko direla jakinarazi du Berazak.
Inbertsioa
Izurdiagako Kontzejuak 33.330 euroko aurrekontua du aurten. Haietatik 13.400 euro inbertsioetara bideratuko ditu. Herriarena den soro batean ur baltsa egin nahiko luke kontzejuak. “Herri lurra da eta enkante bidez ematen dugu. Orain ongi dago, baina ur baltsa jarriz gero hobetu eginen da eta, aldi berean, hazi daiteke harengatik jasotako diru kopurua”, azaldu du Berazak. Lanak egiteko Nafarroako Gobernuaren nekazaritza azpiegiturak hobetzeko dirulaguntza deialdian proiektua aurkeztu du kontzejuak. Gutxi gorabehera 40.000 euro inguruko aurrekontua du lanak eta foru administrazioaren bidez haren %60a ordaindu daiteke. Nafarroako Gobernuak emandako erabilera askeko dirulaguntzako 5.397,79 euroak ere bideratuko ditu kontzejuak.
Bestetik, Nafarroako Gobernuak badu Izurdiagan egiteko bat. Herriko argiteria publiko guztia LED argiak dira, San Juan auzoko zati bat izan ezik. Zati horren ardura Nafarroako Gobernuarena da, Izurdiagako saihesbideko argiztapenari dagokion zatia da, hain zuzen, LED argirik ez duena.