Izurdiagak Ilunbetako larrean hobekuntzak eginen ditu

Guaixe 2023ko uzt. 7a, 11:46
Izurdiagako Ilunbeta larrea. KONTZEJUA

Ur hornidura bermatu nahi du azienda larratzen den 20 bat hektareako eremuan.

Izurdiagako Kontzejuak bere jabetzakoa den Ilunbetako larreetan abeltzaintza azpiegituren hobekuntzak egin izan ditu aurretik, batez ere, larrea sasiz garbitzea eta ur puntuak jartzea. Kontzejuak larrea alokatu egiten du, eta herriarendako diru iturria da. Baina ikusirik ur puntuek ez dutela aziendaren ur premia asetzen, Izurdiagako Kontzejuak erabaki du Ilunbetan ur baltsa bat egitea, eta askak jartzea erabaki du, aziendarendako ura bermatzeko eta larrearen alokairua abeltzainendako erakargarria izateko. 

Ur baltsak 275 m3-ko gaitasuna izanen du, hau da, 275.000 litro ur jasoko ditu bere baitan. 22 metro luze, 12,5 metro zabal eta 3 metroko altuera izanen du. Euri urarekin eta erreka baten urarekin beteko da. Ura eramateko 920 metrotan hodi bat lurperatuko da, hiru erregistro kutxatilekin. Gainera, altzairu herdoilgaitzeko bi aska jarriko dira. 

Lan horiek egin nahi dituen enpresak bere eskabidea hilaren 13ko 12:30ak baino lehen aurkeztu beharko du. Lizitazioaren prezioa 50.437,79 eurokoa da (BEZik gabe). Lanak egiteko enpresak 15 egun izanen ditu.