1. Nola bururatu zitzaizuen adobezko labea egitea?
Aurretik parrilla batzuk zeuden, nahiko hautsita zeudenak. Duela hiru urte, pandemiaren aurretik, bertan adobezko labea egitea erabaki genuen. Herrietako antzinako ia etxe guztietan erabiltzen zen adobea, Izurdiagan ere bai, eta material hori balioetsi nahi genuen. Gauzak beste modu batez eraiki daitezkeela erakutsi. Elkartea duela 40 urte inguru auzolanean jaso zen, eta adobezko labea ere auzolanean egitea erabaki genuen, orduko herritarrak nolabait omentzeko.
2. Nolako labea da?
Hego Ameriketara egindako bidaia batean ikusi genituen labeak bereziak iruditu zitzaizkidan. Tacho horno deitzen zaizkie. Tacho hitzak bidoia esan nahi du; bidoia erabiltzen baita. Txapazkoak izaten dira, baina gurea altzairu herdoilgaitzekoa da. Halakoak hemen ez dira oso ezagunak; iglu itxura duten labeak dira ohikoagoak.
3. Barruan altzairuzko bidoia duen adobezko labea da zuena.
Hala da. Bidoian parrillak jartzen dira, elikagaiak kozina daitezen.
4. Eta non pizten da sua?
Egurrezko labeak su zuzenekoak edo zeharkakoak izan daitezke. Zuzenekoan sua bertan pizten da, eta suaren keak parrilletan dauden elikagaiak ukitzen ditu. Aldiz, gurea zeharkako labea da. Bidoiaren azpiko beheko suan pizten da sua. Suak bidoia eta adobezko adreiluak berotzen ditu, baina kea ez da bidoi barrura sartzen; tartean geratzen den espaziotik doa kanpora, bidoian kozinatzen ari diren elikagaiak ukitu gabe. Beheko sua piztuta, berehala has daiteke kozinatzen; ez dago txingarra egitera edo labea bero-bero egotera itxaron beharrik.
5. Nolakoa izan da labea egiteko prozesua?
Hasieran adobezko adreiluak egin genituen buztina, harea eta lastoa nahastuta. Material garbiagoak erabiltzea gustuko dut. Nafarroan buztina saltzen ez denez, Errioxatik ekarri genuen. Duela hiru aste inguru egin genituen, auzolanean, eta lehortzen jarri genituen.
6. Kisuskila zarenez, zure esanetara ariko ziren guztiak.
(Kar, kar). Jende askok parte hartu du, eta oso gustura ibili gara. Niretako, labe honek duen balio nagusia auzolana da. Horrek ez du preziorik.
7. Noiz muntatu zenuten labea?
Arakil egunaren bezperan, uztailaren 24an. Labearen oinarria egin genuen, eta bidoia kolokatu genuen. Arakilgo eguneko festa giroan lan politena egin genuen, jendaurrean: labearen goiko bobeda, adobezkoa.
8. Arakilgo egunean ikusmina piztuko zuen labeak.
Kuriosoa izan zen. Herri bazkariaren ondoren, Lorena Arangoaren sketchekin eta Ane Martijaren eta Makusairen kontzertuekin giro polita egon zen.
9. Zein izan dira hurrengo pausoak?
Uztailaren 26an bidoiari azpiko alzak kendu genizkion, eta bidoia ongi kokatu. Pixka bat jaitsi zen, goian eta behean kea zirkulatzeko espazioa ziurtatuz. Bobeda ere ongi eusten zela ikusi genuen. Azkenik, labearen aurrealdea eta atzealdea itxi genituen. Lisatu, eta itxura polita eman.
10. Guztia ongi lehortzea da bukatzeko falta den bakarra.
Behin itxita, erabili daiteke. Halako obrak egiten ditudanean, berehala labea martxan jartzen dut, egon daitezkeen akatsak, pitzadurak edo dena delakoak ikusi, konpondu eta labea lehortzen joateko. Eta ondoren isolatzailea jartzen diot, buztina eta lastoarekin egindakoa. Hilabete eta erdi pasata esan daiteke guztiz bukatuta dagoela, baina aurretik ere probak egin daitezke.
11. Bazkariren bat egin beharko duzue labea mustutzeko.
Ez dugu ezer zehaztu, baina norbaiti entzuna diot bi arkume dituela prest...
12. Egindako lanarekin pozik?
Oso. Izurdiagarrek gure harremana sendotu dugu, eta hori da pozgarriena. Labe horren balio nagusia sortu duen herria da. Labeak herria egin du. Trenbideak herri erdia zeharkatzen du, alboan errepidea dago... ez du herrigune nagusirik. Auzolan honi esker, herritarrak bildu gara, eta hori izan da positiboena.