Izurdiagako festak garagartzaroaren 20tik 23ra izan dira. San Joani eskainitako festak dira. Normalean, ostiral arratsaldean hasten dira eta igandean despeditzen dituzte. Hiru egunetako ospakizunak dituzte, beraz, Izurdiagan. Beti garagartzaroaren 24tik, San Joan egunetik, gertuen dagoen asteburuan ospatzen dituzten festak izurdiagarrek. Hala ere festen egitarauan beti laugarren egun bat gehitzen dute, auzolanerako deia da. "Festen ondoren guztia garbitzeko deialdia da, den-dena behar bezala uzteko”, azaldu du Toño Iraizoz Latasa izurdiagarrak. Hala ere, aurten astelehena San Joan bezpera zenez, festak egun batez luzatu dituzte. “Parrillan jatekoak prestatu eta suak piztu genituen".
Festak prestatzen urte hasieran hasten dira Izurdiagan. Festa batzordean zortzi edo hamar herritar izaten direla azaldu du Iraizozek. "Batzuetan bileretara batzuk joan daitezke, besteetan besteak". Argitu duenez, "batez ere musikaz arduratu beharra dago. Urtearen arabera, ostiralerako disko jartzaileak ekartzen dira. Larunbatean, beharbada, ere. Gainera, etxez etxeko errondarako txaranga behar da. Horiek lotzea da gehien kostatzen dena, eta kontratazio horiek egiteko beta gehiago behar da". Izurdiagarrak nabarmendu duenez, "zeregin horiekin zenbat eta lehenago hasi hobe, gero, bestela, bata edo bestea ezin opatu ibil gaitezke". Izurdiagako festa batzordearen bileren berri emanez herriko Whatsapp taldearen bidez zabaltzen dute, eta bileretara nahi duen edozein herritar joan daiteke bere ekarpena egitera.
Mozorrotuta
Larunbat arratsaldeko egitaraua herri guztian barnako etxez etxeko erronda da. "Aspaldiko festa batzorde baten bilera batean proposamena sortu zen: 'denok berdin joateko, zergatik ez goaz errondan guztiak mozorrotuta?' Hala izan zen". Iraizozek gaineratu duenez, "hasiera batean batzordekoak eta gazteak mozorrotzen ginen, eta ez genuen ezer esaten. Hasieran sorpresa zen. Azken urteetan, berriz, mozorrotzeko gaia zein den erabaki eta herritarrei jakinarazten zaie. Eta gai horren inguruan mozorrotzen gara guztiak".
Aurten festa batzordean mozorrotzeko sortu diren gaien artean itsasoa da aukeratu dutena. Duela hilabete inguru eman zieten gaiaren izurdiagarrei. "Batzuek beraien mozorroak egiten dituzte, beste batzuk erosi. Jendeak urte horretan duen denboraren arabera izaten da. Denetarik dago. Ez urtero, baina bakarren bat animatzen da gaiarekin lotutako gurdi txikiren bat egiten". Iraizozek bere mozorroari azken ukituak ematen harrapatu genuen. "Gutxi batzuk zertaz mozorrotuko diren badakit. Baina ez naiz galdetzen ibiltzekoa. Nik ez dut nire mozorroaren berri ematen. Egunean sorpresa hartzen dugu!"
Izurdiagarrak festetan mozorrotzen direla azaldu digu Iraizozek. "Herriko punta batetik bestera ibiltzen gara. Saprem enpresaren parean hasi eta futbol zelairaino, kilometro pasako ibilbidea da. Beti norabide berean egiten dugu erronda, akabera dantzaldia egiten den tokian bukatzeko". Azaldu duenez, "garai batean etxe guztietara sartzen ziren errondan ibiltzen ziren herritarrak. Jateko eta edatekoak eskaintzen zituzten. Garai batean erronda luzatu egiten zitzaigun eta ez zigun azken etxeetara iristeko betarik ematen. Gaur egun hiruzpalau etxeetakoak elkartzen dira eta mahai batean errondan dabiltzanendako eskaintza jartzen dut".
Errondako ibilbidean etxeak duen kokapenak egiten duen eskaintzarekin lotura duela argitu du Iraizozek: "hasieran, edatekoarekin batera, postrea edo pastak ateratzen dituzte. Akaberan, afaltzeko ordua gertu dela, pintxoak eskaintzen dituzte". Errondan abiatu aurretik bazkaldu egin dute, baina, azkar, etxez etxeko mozorro erronda 16:00etan hasten baitute. "Erronda Izurdiagan betidaniko ohitura da. Aspaldi egunero egiten zen etxez etxeko erronda", jakinarazi du. Aldamenetako herrietakoak Izurdiagako festetara joaten dira, ez, ordea, mozorrotzera.
