Astekaria

Harri Jasotze Eskola, topera

Maider Betelu Ganboa 2025eko abenduaren 11

Sakanako Harri Jasotze Eskolakoek Gasteizko Harri Eskolako lagunen bisita jaso zuten azaroaren 20an.

Sakanako eskolan 28 harri jasotzaile ari dira trebatzen. Abenduaren 13rako Sakanako Harri Jasotze Eskolako Txapelketa Mistoa antolatu dute Irurtzunen, jaialdi bitxia. Lau jasotzailez osatutako zortzi talde ariko dira lehian, 32 jasotzaile guztira

Izurdiagan Lacturalek duen borda edo pabiloian mugimendu handia egoten da arratsaldetan. Bertan du egoitza Sakanako Harri Jasotze Eskolak, Lacturalek utzita. Aurretik Irurtzunen zegoen. 2004an Mikel Lasartek sortu zuen, eta 2024ra arte berak izan zuen harri jasotzaileak trebatzeko ardura. 2025eko ilbeltzean bere ikasle izandako Jon Irañetak hartu zuen eskolaren lekukoa, eta oso gustura ari dira bertan trebatzen ari diren 28 harri jasotzaileak.

Modan
Euskal Herrian harri jasotzeak epe motzean izan duen igoera ikaragarria izan da. "Ni Mikelekin Sakanako Harri Jasotze Eskolan hasi nintzenean, bi urtez bakarrik egon nintzen eskolan, Berriozartik Oskar Aguas eta besteren bat etorri ziren arte. Gehienez hiruzpalau ginen, eta begira orain" dio Jon Irañetak. Arrakasta horren atzean crossfit gimnasioek zeresan handia dutela uste du, eta sare sozialek. "Sakanara etorrita, Guaixen eskolari buruz egin zenuten erreportajeak eragin handia izan zuen baita ere". "Harria modan dago" izenburua eman zitzaion Guaixeren otsailaren 20ko azalari. "Oso ongi etorri zitzaigun. Elkarrizketa horrekin jendeak ezagutu gintuen eta, nolabait esateko, argia eman genion eskolari, jende askok ez zekielako Sakanako Harri Jasotze Eskola bertan zegoenik. Hor gaudela ikusi dute, eta animatu dira". 

Irañetaren ustez, ETB harri jasotzea sustatzeko lana egiten ari da. Horren lekuko, Harri Herri saioa. Eta harriei beldurra kendu zaiela uste du. "Lehengo harri jasotzaileak oso indartsuak ziren, gizon handiak. Soilik beraiek ibiltzen ziren harriak jasotzen. Orain oso onak eta oso trebeak diren harri jasotzaileak ikusten dira, argalagoak edo normalagoak direnak. Lehen sekulako tipoa izan behar zinen harrian aritzeko, eta orain ez. Uste dut harriari beldurra kendu zaiola". 

Giro ederra dago Sakanako Harri Jasotze Eskolan. "Oso pozik nago denekin. Guztiek lan handia egiten dute eta konpromiso handia dute eskolarekin. Oskar Aguas eta Ane Zestau dira beteranoenak, eta nik ezin dudanean, beteranoek hartzen dute ardura. Denen artean eramaten dugu eskola, oso ongi moldatzen gara". 

Jon Irañeta: "Guztiek lan handia egiten dute eta konpromiso handia dute eskolarekin"

Emakume asko
Nolanahi ere, Jon Irañeta da egungo eskolaren arima. Eskolarekin bat egin duten 28 kideek jatorri ezberdina dute. Berriozar, Baztan, Lizarra, Larraun eta Sakanakoak dira. Eta horietatik, asko, emakumeak, "gutxi gorabehera erdia eta erdia izango gara. Emakume asko dira, eta oso indartsuak eta eskolarekiko konpromiso handikoak". 

Lehen eskolak ateak irekita zituen beti, baina egun, horrenbeste direnez, aldaketak daude. "23 urtetik gora datozen interesatuei sartu baino lehen hiru hilabeteko proba egiten diet. Erakusten diet, baina konpromisoa eskatzen diet, eta aurrera egitea erabakitzen badute, serioago hasten gara. 23 urtez azpikoak, aldiz, probarik gabe onartzen ditugu. Gazteei probatzeko aukera eman behar zaie. Hala ere, konpromisoa eskatzen diet, eskola auzolan bidez ateratzen dugulako aurrera. Egia esan, oso gustura gaude" nabarmendu du eskolako arduradunak. 

Teknika, garrantzitsuena
Jon Irañetak oso argi du, eta beti errepikatzen du: harri jasotzean teknika da garrantzitsuena. "Harri jasotzean %70 teknika da, %20 burua eta %10 indarra, Teknika menderatzea eta burua ongi izatea". Eta teknika lortzeko "orduak eta orduak" sartu behar dira. "Teknika ongi ikasteko bi urte behar dira". 

Arratsaldez entrenatzen dute Izurdiagako bordan. "Lacturalek utzitako tokia oso handia da eta oso ongi daukagu". Astean gutxienez bi arratsalde eskaintzen dizkio eskolari. "Lauko edo bosteko taldeak egiten ditut eta ordu oso bat ematen dut talde bakoitzarekin, segidan beste tanda dator... txandaka aritzen gara. Bi egun horiez aparte, bakoitzak bere etxeko lanak ditu; eskolara etortzen dira eta beteranoekin adostuta eurekin aritzen dira etxeko lanetan. Gutxika autonomoak izan daitezela, hori nahi dut". Beteranoak normalean bere kabuz aritzen dira entrenatzen. 

Azaroaren 20ko entrenamendua berezia izan zen. "Gasteizko Harri Eskolako kide batzuk etorri dira, eta guztiak batera aritu gara, oso gustura". Eskola txiki geratu zen, baina harrigarria izan zen denak elkarrekin entrenatzen ikustea. Erabateko sintonia.

Jon Irañeta: "Harri jasotzean %70 teknika da, %20 burua eta %10 indarra. Teknika menderatzea eta burua ongi izatea"

Eskolako kide gehienak hasiberriak dira, eta gogotsu hasi ziren. "Ez dute entrenamendu bat bera ere huts egin, eta hasi ziren ia guztiek jarraitzen dute. Konpromiso handia dute". Nahiz eta hasiberriak izan, eskolak egindako erakustaldietan parte hartu izan dute hasieratik. "Udan herriko festetan erakustaldi pila bat egin ditugu. Oso pozik gaude deitu diguten udalekin, erakustaldiekin jasotzen digun dirua jasotzaileendako eta eskolan inbertitzeko delako. Urte honetan hamar harri inguru erosi ditugu eta lokala prestatu dugu; gimnasio txiki bat atondu dugulako guretako". 

Marmoldegi batean erosten dituzte harriak, enkarguz. "2026an gehiago erosi nahi ditugu, pisu ezberdinetakoak". Jantzia kirolari bakoitzaren ardura da. Leitzako 301 K dendara makina bat buelta emanak daude. "Txaleko pilo bat erosi dira eskolatik, bakoitzak berea, noski. Pertxeroa betea dugu. Leitzara buelta asko egin ditugu, Maite Perurenaren dendara. Areson ere beste denda bat dago, eta Zestoako zapatagileak egin izan dizkigu ere bai". 

Irurtzungo Txapelketa, ate joka
Abenduaren 13rako, Santa Luzia egunerako, Sakanako harri Jasotze Eskolako Txapelketa Mistoa antolatu dute Irurtzungo frontoian, 18:00etan. Hasteko, Nerea Sorondo eta Uxue Ansorregi ariko dira aizkora lanetan, eta ondoren Sakanako eskolako harri jasotzaileak eta Gasteizko eskolakoak lanean ariko dira, 32 guztira. Lau harri jasotzailez osatutako zortzi talde lehiatuko dira, eta 3 minutuko bi txanda izango ditu talde bakoitzak. Tarte horietan jasotako pisu guztiaren gehiketak erabakiko du txapelketako irabazlea. 

Lehiatuko diren harri jasotzaileen artean bederatzi sakandar daude: Aizeti Agirre arbizuarra, Olatz Ariz altsasuarra, Amaia Orrio irurtzundarra, Maddi Urkijo altsasuarra, Maitane Zabalza altsasuarra, Iñaki Barcos irurtzundarra, Aitor Beraza urdiaindarra, Alberto Maestre irurtzundarra eta Izar Osacar izurdiagarra. 

Lehia estua espero da
Neguan ikasleak motibatzeko antolatu dute txapelketa. "Udan erakustaldi asko izan genituen eta erakustaldietarako entrenatu beharra zuten, lan egiteko motibazioa zuten, helburu txikiak zituzten. Uda bukatuta, erakustaldiak oso urrun daude. Horrela, gure arteko barne txapelketa misto bat prestatzea bururatu zitzaidan, jendea motibatzeko eta lan kontretuak prestatzeko; hau da, helburu batekin entrenatzera etor daitezela. Gurea ikasturteko festa bat bezala izango da, baina akordeoiekin izan beharrean, harriekin (kar-kar). 

Zortzi talde osatu ditu Irañetak. "Talde orekatuak dira, badakidalako jendeak zenbat pisu jasotzen duen. Oso borrokatua eta oso polita izango da. Ez dakit nork irabaziko duen". 

Txapelketa dinamikoago izateko, talde bakoitzeko lau harri jasotzaileak batera ariko dira. "Harri jasotzaile bakoitzak berarendako egokia den pisuko harriarekin lan egingo du. Taldeko laurak batera ariko direnez, entretenigarriago izango da". Horrela, bakoitzak bere erronka izango du, eta taldekide guztien lana batuko da. Eskolako kideak oso motibatuta daude. "Ikusmin handia dago, uste dut frontoia beteko zaigula. Oso giro ona espero dugu Irurtzunen".

Herri kirol gehiago
Harriekin lan egiteaz aparte, beste kirol batzuk lantzen ari dira Sakanako Harri Jasotze Eskolan. "Ingudea eta txingak erosi ditugu. Pixkanaka bagoaz. Ea hurrengo urtean beste modalitateekin plazara ateratzerik al dugun. Gutxinaka prestatzen ari gara". Harriekin, ingudearekin edo txingekin, argi dagoena da Sakanako Harri Jasotze Eskolako kideak oso motibatuta daudela. Irañeta "oso pozik" dago beraiekin, eta Sakanako Mankomunitatea, eskolako sortzailea, zer esanik ez. Lacturale, Urrutia harategia, Goñi Tailerrak eta Toldos Berriainz dira eskolako babesle nagusienak. "Gu beraiekin pozik gaude, eta eurek gurekin ere bai". 

Berriki Peru Harri museoa bisitatzen egon ziren, harri jasotze maisuaren etxean. Iñaki Perurenak berak egin zien bisita gidatua. "Ez zuen sinisten eskolan horrenbeste ginenik. Harrituta eta pozik zegoen. Bisita berezia izan zen".

Noiz eta zergatik hasi zinen Sakanako Harri Jasotze Eskolan?
Izar Osacar Beraza IZURDIAGA
"Duela lau hilabete hasi nintzen eskolan. Izurdiagako festetan Sakanako Harri Jasotze Eskolakoak egon ziren. Amak esan zidan hemen ari zirela entrenatzen, eta probatzera etortzeko. Kirol gogorra da, baina oso polita, guztiz harrapatu nau. Teknika da garrantzitsuena, teknika lortu beharra dago, bestela ez duzu aurrera egiten. Gutxika, ari naiz. Erakustaldi batean aritu nintzen. Orain Irurtzuneko Txapelketa prestatzen ari naiz, gogo asko ditut. 63 kilokoarekin arituko naiz".


Aizeti Agirre Arruti ARBIZU
"Betidanik gustatu izan zait. Ikastolarekin trontza erakustaldia genuen maiatzean Urdiainen, Sakanako Herri Kirol Egunean. Sakanako harri jasotzaileak bertan zeuden, eta aitak esan zidan ea probatu nahi nuen. Eta hortik aurrera, eskolan. Zaila baino, teknika hartu behar zaio, eta kostatzen da. Progresioa nabaritzen dut, baina oraindik bide luzea dut egiteko. Lauzpabost erakustaldi egin ditut, eta Irurtzungo Txapelketarako gogotsu nago. Uste dut zilindroarekin ariko naizela". 

Alberto Maestre Bello  IRURTZUN
"Martxoan hasi nintzen. Jon laguna da, herri kirolen mundua gustatzen zait, animatu eta oso gustura nago. Harri jasotzeak teknika asko eskatzen du, eta gero indarra. Hobekuntza sumatu dut; kostatu zait, baina gutxinaka hortxe gabiltza. Kirol gogorra da, kardioa ere bai eskatzen du. Kirol guztietan bezala, entrenatu eta aritu beharra dago. Erakustaldietan gustura, eta orain Irurtzunen txapelketa ederra ateratzea espero dugu. Arabako lagunak etorriko dira eta gustura ariko gara". 

Maitane Zabalza Lopez de Goikoetxea ALTSASU
"Sakanan Harri Jasotze Eskola zegoela ikusi genuen, probatzera etorri ginen, gustatu zitzaigun eta hemen gaude, maiatzetik. Etorri, nekatu, baina oso gustura geratzen gara. Teknika hartzea kosta egiten da, baina hartzen zoazen heinean progresioa ikusten duzu eta animatzen zara. Erakustaldietan aritu gara: Izurdiagan, Altsasuko festetan, Urdiainen... Irurtzunerako oso gogotsu gaude. Giro oso polita egongo da guztiok ariko garelako. 63 kiloko zilindroarekin edo 50ekoarekin ariko naiz".