Sapremen (Sociedad Anonima de Preformados Metalicos, S.A.) kapitalaren zati nagusiena
Talde Private Equityren eta Sodenaren esku gelditu da. Aurrena Estatuko Kapital Pribatuaren kudeaketan aitzindaria den euskal taldea da, hurrena, berriz, Nafarroako Gobernuaren finantza laguntzako tresna. Aldi berean, enpresa sortu zuten familiek desinbertsioa egin dute enpresak. Horrekin batera, zuzendaritza taldeko kideak enpresaren parte hartzearen zati txiki bat eskuratu dute, eta haiek ere inbertitu eginen dute, Taldea eta Sodenarekin batera, baina neurri txikiagoan. Egungo zuzendaritza taldeak proiektuaren lidergoan jarraituko du.
Izurdiagako enpresako arduradunek adierazi dutenez, "eragiketak trantsizio ordenatua eta konpainiaren kudeaketaren jarraitutasuna sustatzen ditu". Gaineratu dutenez, "Taldeak eta Sodenak hazkunde fase berri honetan enpresa bulkatzeko konpromisoa hartu dute, berrikuntzaren eta kanpora orientatzearen bidez, beren merkatuan lider gisa sendotzeko". Nabarmendu dutenez, "operazioak Saprem enpresaren jarduera ainguratzen du Nafarroan, ibilbide positiboarekin eta tokiko hornidura-katearekin". Azaldu dutenez, "konpainiak inbertsio garrantzitsuak egin ditu berriki I+G+Bn, instalazioen automatizazioan eta deskarbonizazioan".

Enpresaren Izurdiagako lantegia. ARTXIBOA
Sapremez
Izurdiagako enpresa aireko linea elektrikoetarako osagarri eta osagai teknikoen diseinuan eta fabrikazioan mundu mailako eragile garrantzitsuenetako bat da. 40 urte baino gehiagoko eskarmentua du eta 80 pertsonako plantilla egonkor eta kualifikatua, Saprem diseinu propioko produktuen hornitzaile esklusiboa da, esaterako, hegaztiak argindar kableen kontra ez jotzeko soluzioak sortzen. Arlo horretan munduko liderra da. Izurdiagako enpresa lehen mailako bezeroen Tier II hornitzailea da, eta baldintza tekniko altuak dituen merkatu batean jarduten du. Sapremek presentzia handia du nazioartean: bere diru-sarreren % 50 baino gehiago atzerrian erregistratu ziren 2025ean.
Ekonomia maila globalean gero eta elektrifikatuago dagoenez eta ingurumenarekin gero eta konpromiso handiagoak hartzen ari denez, Saprem aurreikuspen onak dituen sektore batean dago. Bertan, baliza soluzio elektronikoak eta aire lineak optimizatzeko ekipoak izango dira konpainiaren zutabeak datozen urteetan.
Sapremeko akziodunek PWCren finantza-aholkularitza esklusiboa eta Cuatrecasas abokatu-bulegoaren eta BSKren lege-aholkularitza izan dute; Talde Private Equityk eta Nafarroako Garapen Elkarteak, berriz, Deloitte eta Uria Menendezen aholkularitza izan dute.
Kontseilariaren esanak
Mikel Irujo Amezaga Industriako eta Enpresen Trantsizio Ekologiko eta Digitalerako kontseilariak Saprem lantegia bisitatu zuen otsailaren 28an, larunbatean. Irujok modu "oso positiboan" balioetsi zuen enpresa errotzeko egindako eragiketa. Irujok azpimarratu zuenez, "Nafarroak industria enpresa sendoak behar ditu, nazioarteko bokazioa dutenak eta lurraldearekin konprometituak". Gogoratu zuenez, "enpresak urte hauetan daraman hazkunde-bidean laguntzeko sartu da Sodena. Saprem gure gustuko eredua da: sustraiak dituen konpainia bat, enplegu kualifikatua duena eta etorkizuneko proiektu bat duena, Izurdiagatik mundurantz sendotuko dena; horregatik, garrantzitsua da horrelako proiektuek hazkunderako bide positiboa izatea".
Sodenari buruz
Sodena Nafarroako Gobernuaren finantza-tresna da, Foru Komunitatean sustraitzen, hazkunde ekonomikoan eta kalitatezko enplegua sortzen lagunduko duten balio erantsiko enpresa-proiektuak erakartzeko eta garatzeko. Bere lana enpresei laguntza finantzarioa ematea da, ezarpenean eta hedapenean laguntzea, Nafarroako ekosisteman integratzea erraztea eta kontaktu-sare zabala haien eskura jartzea.
Gainera, sozietate publiko honek Nafarroako S4 espezializazio adimenduneko estrategiaren diseinua eta exekuzioa koordinatzen ditu, jarduera ekonomikoa eskualdeko lehentasunezko sektoreekin lerrokatuz. Iraunkortasuna zeharka integratzen du bere jarduera osoan, ekonomia zirkular eta arduratsu baterako trantsizioa sustatuz.
Gaur egun, Sodenak Nafarroan 5.500 enplegu baino gehiago sortzen dituzten ehun bat enpresatan hartzen du parte, 183 milioi euroko inbertsioaren babesarekin. Erakundeak inbertsio arduratsuaren eta jasangarritasunaren irizpideak aplikatzen ditu bere eragiketa guztietan, Nazio Batuen Inbertsio Arduratsuaren Printzipioak (UNPRI) sinatzen ditu eta NBEren Munduko Itunari atxikita dago.
Taldeaz
Aurten 50. urteurrena ospatzen duen Taldeak 430 milioi euro baino gehiago kudeatzen ditu eta hazkunde potentzial handia duten enpresetan inbertsio ibilbide arrakastatsua mantentzen du. Urte hauetan 170 proiektutan baino gehiagotan parte hartu du, eta proiektu horiei laguntza eman die hainbat fasetan, hainbat jarduera-sektoretan sendotzeko eta hedatzeko.
Talde aktibo alternatiboen kudeatzaile gisa hazten eta sendotzen ari da, inbertitzaile tradizionalen oinarriaren babesarekin, Kutxabankek inbertitzaile gisa duen posizioarekin, eta inbertitzaile instituzional berriek, Family Officesek eta partikularrek sustatzen dituen funts berrietan inbertitzeko duten gero eta interes handiagoarekin.
Eragiketa horrekin, Taldeak Talde Capital Crecimiento II funtsaren zortzigarren eta azken eragiketa osatzen du, eta hazkunde eta posizionamendu diferentzialeko potentzial handia duten enpresetan inbertitzeko estrategiarekin jarraitzen du. Aurten bertan, urtarrilean, Fluytec erosi du, ura iragazteko sistema aurreratuen fabrikazioan erreferentea den euskal enpresa.