Astekaria

Izurdiagako garai bateko festa egutegia

Guaixe 2026ko ekainaren 23a

Izurdiagako gizonak festetan errondan musika jotzen. IZURDIAGAKO KONTZEJUA

Gaur egun Izurdiagako festak garagarrilean ospatzen badira ere, ez da beti hala izan, agorrilean ospatu izan baitziren aspaldi.

Festak ospatu berri dituzte Izurdiagan. Maria Mercedes Idoy Heras ikerlariaren eskutik garai bateko herriko ospakizunei erreparatuko diegu. Idoyk Estudio etnográfico de Izurdiaga ikerketa lana egin zuen eta hiru ataletan argitaratu zuen Cuadernos de etnología y etnografía de Navarra aldizkarian 1980an eta 1981ean, aldizkariaren 35-36, 37 eta 38 zenbakietan hain zuzen.

Izurdiagan garai batean etxeko seme-alaba guztiak eta senide batzuk elkartzen ziren bi egun zeuden: gabon gaueko eguna eta festak, agorrilaren 29an ospatzen zirenak. Festetako dantzaldian txistuak eta txuntxuna izaten ziren soinu banda jartzen zutenak eta jotak eta purrusaldak dantzatzen zituzten.

Erromeriak
Pazko Maiatzeko edo Mendekoste jaiko bigarren egunean Arakilgo herri guztiak Aralarrera igotzen ziren. Aingeruaren irudia Irañetara jaitsi eta Ihabarren uzten zuten. Hurrengo egunean arakildarrak, aingeruaren irudia lagun zutela, Ergako Trinitatera igotzen ziren. Han meza entzun eta eguerdian irudia Irurtzunera jaisten zuten. Han irudia agurtu egiten zuten, santutegira bueltatzen baitzuten.

San Migel egunez, irailak 29, familia guztiak Aralarko santutegira joaten ziren. Han meza entzun eta bazkaltzeko ziza tortilla eta urdaiazpikoa izanen zuten. Bestalde, San Gregorio egunez, maiatzak 9, Aralarko aingerua santutegitik Oskiako Ama Birjinaren ermitara joaten zen. Irudia pasatzen zen herri guztietako biztanleek bat egiten zuten erromesaldiarekin. Meza 10:00etan izaten zen. Ondoren, irudia laguntzen joandakoak, herrika borobilean elkartu eta gosaldu egiten zuten: udaberri zizak, urdaiazpikoa, tortilla eta txorizoa. Jatekoak bulkatzeko herri bakoitzeko alminteak eramandako ardoa zuten.

Bazkaria, berriz, Errotzen egiten zuten, Errozko Kontzejuak eskualdeko jende kopuru bati ostatu emateko beharra baitzuen. Jendea hartzen zuen etxeak haien esku sukaldea edo gela handi bat uzten zieten, han jartzeko. Gainera, pertsona bakoitzari txorizoa eta urdaian zuen alubia platerkada bana ematen zien. Arrazioa, bigarren platera, norberak eramandakoa zen.

Bazkaldu ondoren izurdiagarrek herrirako bidea hartzen zuten. Herrian aingeruaren irudiari kontzejuak eta apaizak harrera egiten zion parrokiako gurutzearekin. Ondoren aingerua Irurtzundik pasa eta Ihabarrera joaten zen. Hurrengo egunean santutegira bueltatzen zuten.

Eskeak
XX. mendeko 30eko hamarkadara arte bi datetan egin ziren etxez etxeko eskeak Izurdiagan. Alde batetik, ihoteetan kintoek egiten zuten, hau da, urte horretan soldaduskara joan behar ziren gizonezko gazteak. Herriko etxe guztietatik eskean pasatzen ziren. Atean jo eta esaten zuten: "Maria, jateko urdai pisket". Etxeko andreak zerbait ematen zien: txorizoa, arrautzak, urdaiazpikoa, urdaia, ogia). Jasotako guztiarekin gazteek merendua egiten zuten.

Gabon gau egunean gauza bera egiten zuten haurrek, etxez etxe eskean ibili. Etxeetan eskatzeko zera esaten zuten: "Pazkuen amorez zerbeit". Jasotakoarekin merendua egiten zuten.