Astekoa

Sakrifizioa vs. Konpromisoa

Asko sufrituaz lortzen dena gehiago estimatzen omen da; sakrifizioaren apologiak eskuratutako emaitza moduren baten aberastuko balu bezala. Sakrifikatua da militantzia, sakrifikatua amatasuna eta sakrifikatua argal eta erakargarria izatea. Ikuspegi kapitalistak dena blaitzen du, emaitzari soilik balioa emanez eta prozesua gutxietsiz.

Sakrifizioak prozesuan baztertzen dugunari buruz hitz egiten digu: egin nahiko genukeen eta egin ezin dugun horri begiratzen dio. Konpromisoak, aldiz, egin nahi duguna ekartzen du argitara.

Konpromisoaren barnean daude zer lortu nahi dugun eta, batez ere, zer egiteko prest gauden.
Oso ezberdina da, beraz, nola ekiten diogun erronka bati, sufrimenduari begira edo ikasiko dugunaren irrikaz. Non bilatuko dugu aurrera jarraitzeko motibazioa? Sakrifizioan edo konpromisoan?

Pandemiaren garairik larrienetan sakrifizioaren izenean eskatu ziguten agintariek neurriak hartzeko; beldurrean oinarrituta eta arau bakoitzak zekarren askatasun galera nabarmenduz. Ez al zen eraginkorragoa izango neurri bakoitza komunitatearekiko konpromisoan oinarritzea? Zaintza kolektiboak nola indartzen gaituen nabarmentzen ahal zen, elkar zaintzeko praktika berriei bideak irekiz eta, batez ere, baliabidez hornituz. 

Orain ere ongizate sistema omen den hau gure sakrifizioarekin babesteko eskatzen digute; aise esaten digute zer itzali behar dugun, zer gutxiago kontsumitu, zenbat gehiago ordaindu. Eska diezaiegun guk agintariei pertsonen bizitzak herriarekiko konpromiso politikoarekin babes ditzatela.