Hauxe da 3 segundoen araua: ez esan inoren itxuraz 3 segundotan aldatu ezin duen ezer. Izan ere, zertarako adierazi nahi ote diogu pertsona bati zenbat argaldu den, pikorrak edo zimurrak dituela ala burua soiltzen ari zaiola? Gehiago edo gutxiago begiratuta, denok daukagu ispiluren bat etxean eta, beraz, gure buruari buruzko informazio hori badaukagu.
Dagoeneko badakigu zeinen kaltegarria izan daitekeen pertsona baten autoestimuarentzat bere itxurari buruzko komentarioak entzutea, ezta? Bada, autoestimu orekatua izatea sozializazio egokirako ezinbestekoa den heinean, pertsona guztien autoestimua denon ardura eta erantzukizuna izan beharko da; jendarte osasuntsua eraiki nahi badugu, behintzat.
Are gehiago, zabal dezagun araua gure aurrean ez dauden pertsonenganaino ere. Norbait kuadrillatik urruntzen denean hari buruz "nola loditu den" entzuten baldin baduzu, erraz pentsatuko duzu zuk alde egiten duzunean zuretzat ere izango dela aipamenen bat. Eta hortxe zure autoestimuan zehar kalte bat.
Beraz, inoren itxura kritikatzeko tentazioa agertzen zaigun bakoitzean, ezer esan baino lehen, pentsa dezagun zein den asetzen ari garen beharra. Astindu ditzagun gure aurreiritziak. Arakatu dezagun gure sinismenetan.
Eta zer da, ba, 3 segundotan alda daitekeena? Izan gaitezen jatorrak eta norbaitek muki bat sudurretik kanpo baldin badauka, diskretuki eta goxotasun osoz, esan diezaiogun. Edo hortzak ezpainetako gorriz zikinduta dituela, baita motxilan gona bilduz joan bazaio eta kuleroak agerian baditu. Esan diezaiogun jendeari lagungarri zaiona.