Konfort eremutik atera behar omen gara. Zer aurkituko dut nik konfort eremu horretatik kanpo? Tentsioa, kontrol eza, estresa, urduritasuna, ziurgabetasuna eta zalantza, adibidez?
Konfort eremuan, aldiz, seguru sentitzen naiz, egin behar dudana menperatzen dut, nire burua ezagutzen dut eta konfiantza daukat egiten dudan horretan. Zergatik demontre utzi beharko dut leku hori bizitzan aurrera egiteko? Benetan da aproposagoa edozer gauza ikasteko deseroso sentitzea?
Nik ere eskuratu nahi ditut gaitasun berriak, nik ere garatu nahi ditut trebetasunak, erronkak gainditu, mugak zabaldu eta hori guztia ahalik eta modu gozagarrienean egin nahi dut; prozesuaren atal bakoitza disfrutatuz.
Pentsa dezagun, bada, konfort eremutik atera beharrean, konfort eremu hori zabaltzen ahal dugula. Hau da, eroso eta seguru sentitzen garen eremua geroz eta handiagoa dela, azken finean, menperatzen ditugun gaitasunak geroz eta ugariagoak eta anitzagoak direla. Eta gure buruan konfiantza izatea, gure adimenaren jabe izatea eta prozesuaz gozatzea sekulako oinarria dela gauza berriak ikasteko.
Ezagutzak biderkatzeko nahia eta gure burua etengabe garatzeko plazera izan daitezke konfort eremu horren mugak kolpatzen eta mugitzen dituztenak, barrutik kanporantz, gure esentzia mantenduz. Ezagutzen eta menperatzen ez ditugun bideak arakatu ditzakegu gure konfort eremutik bertatik sufrimendua helburu bilakatu gabe.
Identifikatu dezagun, beraz, nondik zabaldu nahi dugun gure konfort eremua eta izan dadila erronka nagusia ikasketak beti gozagarriak izatea.