Astekoa

Pertsonak

Batzuetan Patrizioak izango bagina bezala hitz egiten dugu. Nik "Atzo bi pertsona ikusi nituen…" esaten badut, inork gutxik irudikatuko du bi pertsona horiek beltzak zirela, haurrak zirela edota gurpildun aulki batean zeudenik. "Pertsona" hitzari nahiko esanahi mugatua egozten diogulako gehiegitan; esango nuke 35 eta 60 urte bitarteko pertsona zuri, gehienetan gizon, fisikoki funtzionalari egozten diogula hiritar estandarraren estatusa eta, ondorioz, "pertsona" izendatzen ditugu, zalantzarako tarterik utzi gabe.
Estandar horretatik kanpo dagoen gainontzeko guztiari izen espezifikoa ezarri ohi diogu, hala, ohikoa da esatea "Atzo bi haur ikusi nituen…", "Atzo bi gazte ikusi nituen, bi zahar…". Horiek dira "besteak". "Pertsona" soilik izendatzen baditugu argi geratzen ez dena zenbat urruntzen diren aipatutako estandarretik. 

Ez dirudi larriegia, ezta? Ez, ez balitz hizkuntzarekin ere ezberdintasun sozialak erreproduzitzen ditugula. Izan ere, pertsonak dira eskubideak dituztenak, zu "zahar" izendatzen bazaitut, ez zaitut pertsona izendatzen eta, beraz, nik, pertsona estandar ahalguztidun honek erabakiko dut zeintzuk diren zure eskubideak eta nola gauzatuko dituzun. 

Eta pertsona guztiak "pertsona" izendatuko bagenitu, besterik gabe? Aurrekoan parkean txirristara igotzeko zain geunden semea eta biok eta zera esan behar nion: "neskato horren ondoren zure txanda da". Bitan pentsatu eta halaxe esan nion: "pertsona horren ondoren zure txanda da". Zeren bai, hiru urteko pertsonak ere pertsonak dira eta hala izendatzen ahal ditugu.