Uda, askok hainbeste itxaroten duten urte sasoi hori, jendartean iraun egiten duten desberdintasunen oroigarri mingots bihurtzen da. Batzuek oporrak hartzen dituzte; beste batzuk, ordea, bizirauteko borrokan ari dira, egoera prekarioan. Desberdintasun sozialak, ekonomikoak eta generokoak agerian, berriz ere.
Diru sarrera kopuruen araberakoak dira aisialdirako aukerak. Batzuentzat luxuzko egonaldi esklusiboak; gainezka dauden espazio publikoak besteentzat; beren etxeetan geratu, azkenentzat. Batzuen haurrak ordaindutako kanpaldietan egongo dira, aitona-amonekin (amonekin, bereziki) besteenak eta azkenak ahal denarekin, ahal denean, ahal den lekuan.
Testuinguru honetan, emakumeek oztopo handiagoak dituzte aisialdirako. Genero estereotipo errotuak daude emakumeek gizartean dituzten rolak definitzen dituztenak eta etxeko lanetara eta beste batzuen zaintzara mugatzen dituztenak, baita oporretan ere. Zer esan nahi du horrek udan etxe askotan? Oporretan dauden etxeko haurren zaintzaren arduradun bakarrak direla.
Udak gurean errotuta dauden desberdintasunak nabarmentzen ditu. Ahalegin kolektiboa egin behar da atseden eta jolas aukerak berdintasunez eskuratzeko, baita diru sarreren banaketa bidezkoagoa sustatuko duten eta guztientzako lan baldintza justuak bermatuko dituzten politikak garatzeko ere.
Horrela gozatu ahal izango dugu benetan bidezkoa den udaz, horrela bakarrik lortuko dugu bere burua zaintzen duen jendartea, non denok merezitako atsedenaz gozatu ahal izango dugun, edozein dela ere gure generoa, jatorria, egoera soziala edo ekonomikoa.