2021ak garagardoa eutsi dio 2020ari... Bai, zu ere konturatu zara. Urtea lurrera begira hasi dugu, eta ez elurrak kaleak zuriz jantzi dituelako, aurreko urteak eman digun kokotekoarekin zaila egiten ari baitzaigu burua altxatzea. Urte zaharraren ajeaz aritu behar nintzen... baina mozkorraldiaren koma etilikoan gabiltza oraindik.
Bestela ere, nola joan zaizkizue "ez-gabonak"? Onak ez dakit, baina gauak hotzak izan dira. Zero azpiko tenperaturak eta izoztuta utzi gaituzten beste hainbat kontu. Urtean hiru izan dira eraildako zuhaitzak eta gutxi ez balitz Iortiako txakurren gudu zelaian tirolina eraiki dute, ez txakurrentzako, edo bai, ez dakit.
Kontraesanen eta irtenbiderik gabeko egoeretan lepoko mina baretzeko arma: irudimena dugu
Egoera p*nd*mikoak bestalde eraztun forma dauka eta polizia ezkondu behar dela dirudi; Altsasuko Gaztetxea ez dute gonbidatu, gunea segurua dela ziurtatzeko edo. 2021eko kintoak gurasoen ziurtagiriak biltzen hasiak dira San Juan suetan erretzeko; Memetxorroak Altsasuko Instagram "meme" kontuaren urteurrena izan da; sagardotegietako zerrendetan hutsuneak, asteburuko zeregin zerrendetan ez hainbeste; tabernariak terraza inguruetan barrikadak egitea planifikatzen hasiak dira eta eskuak berotzeko su jaurtigailuak alokairuan jarriko dituzte; ordua bost euroan.
Esango didazue ez direla izoztuta gelditzeko kontuak. Galde iezaiezue elurteetan autoa kalean aparkatu zutenei. Edo hirugarren olatuaren ustezko erruduna denari, Olentzerori, nola jasan behar izan zituen plantoiak, etxeko atarietan hotzaren hotzez. Mendekua hartu du.
Guk bitartean mendekuen, kontraesanen eta irtenbiderik gabeko egoeretan lepoko mina baretzeko arma: irudimena dugu. Batzuetan izozten bazaigu ere, ezin digute lapurtu. Eta nik, bi mila eta hogeiari garagardoa laster berotuko zaiola pentsatu nahi dut.