Txin-txin! Ohiko perkusioa. Txin-txin! Pote barruan sartu naute. Orain, isiltasuna.
Alde batera begiratzean nire aurpegietako bat islatuta ikusi dut leiar argizko edalontzian. Bestea buruz behera, ni bezalakoei begira. 21,25 milimetroko diametroa; 1,67 milimetroko lodiera eta 3,92 gramoko pisua; altzairuz eta kobrezko eta kantoi lauezko biribilak gara guztiak.
Baina ez daude ni bezalako bi. Itxura berdina dugu baina bakoitzak badu bestearengandik bereizten duen zerbait: egin duen ibilbidea. Beethoven-en bosgarren sinfoniaren soinu uhinei jarraiki: katanarru, patrika, esku, eta gainazal asko ezagutu ditugu, gutako bakoitzak bereak. Eta beharbada, bidean, topo egin dugu: diru zorroren baten dantzaldian edo tabako makinaren esku itzulietan. Garagardo baten gonbitean. Supermerkatuaren atarian eske dagoenaren eskuetan. Pilota partiduetako apustuetan. Mezetako limosna poltsetan. Edo iturrietako ur azpietan.
Sarritan, jaso nauten esku ahurrek bizia eman didate, eta nik, bakoitzari –nahi izan duen eran– bizia eman diet. Baina sakelan gabiltzanon artean, marjinatuenetakoa naiz; askotan lurrera erorita ere inork jasotzen ez duenetako hori. Ni bezalako txiki askok "handia" egiten dutela gogoratzen dutenean, hor bai, ni jasotzera makurtzen dira. Eskerrak, bidean, hartu-eman soila baino gehiago izan naizen: jolasa, zoria, sekretua, zortea, mailegua. Azalera zirkularreko metal hutsa naizela ahaztu gabe.
Eta orain, bilduma. Nire lehenengo ediziotik, 1999-tik gaurdaino bidaiatzen egon naiz. Orain, bosgarren sinfoniaren lau mugimenduak eta ibilbidea burututa, ontzi honetan gaudenok ez dut uste kukua laster entzungo dugunik. Txin-txin! Bost xentimo jaurti dizkidate gainera.