Astekaria

Espaziora bidaiatzearen ametsa hatzekin ikutzea bezala

Erabiltzailearen aurpegia Aitziber Grados Muñoa 2022ko mai. 4a, 14:52

Unai Beaskoetxea Gartzia.

Hala sentitzen du ikerketa eta garapen ingeniari den Unai Beaskoetxea Gartzia altsasuarrak. Europako Espazio Agentziaren begiradapean, espaziora jaurtiko diren suzirietarako eta espazio-ontzi baterako antenak diseinatzeaz arduratzen da Anteral enpresan.

Unai Beaskoetxea 1987an jaiotako telekomunikazio ingeniari altsasuarra da eta gaur egun Anteral deituriko enpresan lan egiten du ikerketa zein garapenean. Nafarroako Unibertsitate Publikoan (NUP) kokatzen den enpresa horrek antena, pasibo eta radarren teknologia berritzailea garatzen du, batik bat. Beaskoetxeak hiru urte daramatza enpresan eta une honetan espazioarekin loturiko bi proiektu garatzen dihardu Europako Espazio Agentziaren (ESA, ingelesez) begiradapean, hain zuzen espaziora jaurtiko diren hainbat suziri zein espazio-ontzi baterako antenak diseinatzen. Astronauta izateko bere txikitako ametsetik gertuago, Beaskoetxeak dio “bi proiektu hauei esker espaziora bidaiatzearen ametsa hatzekin ikutzea bezala” dela. Betidanik sentitu du espazioarekiko begirunea, eta horri lotuta lan egiteko bide guztietatik telekomunikazioen bidea aukeratu zuen. Gaztetan ikusi zituen hainbat pelikulek; hala nola Star Wars, eta Legozko espazio ontzi jostailuek, nolabait “espazioa eta lurraz haragoko lekuaz interesatzera” eraman zuten. Txikitako interes inozotik, bere ikasketak horretara bideratzeraino. Haren esanetan “astronauta izateko hainbat aukera daude, eta hainbat ikasketa eginda ere badago espazioan bukatzeko aukera”. Berak telekomunikazio ingeniaritza ikasketak egin zituen NUPen: gradua, masterra eta doktoretza. Doktoregoaren ondoren bi urte eman zituen unibertsitateko beste hainbat proiektu garatzen Anteral enpresako kide izatea eskaini zioten arte.

Nafarroatik espaziora
“Nafarroatik espaziora” hala adierazten du Anteralek bere web orrialdean. 2010ean sortu zen Iruñeko enpresa horrek: espazioaren sektorerako, telekomunikazio sektorerako, industriarako eta segurtasunerako antenak, pasiboak eta radarrak sortzen ditu teknologia berritzaileenaren garapenaren bitartez. Enpresaren hastapenetan, NUPeko lauzpabost irakasle batu ziren eta haien ezaguerak zein ikerketarako gogoak batuz Anteral sortu zuten. Hasieratik jada “sateliteendako antenak egiten zituzten, eta pixkanaka enpresak indarra hartu zuen”. Batik bat, unibertsitatetik ateratzen ziren ikasleek osatzen zuten enpresa” hala adierazi du Beaskoetxeak. Gainera, denborak aurrera egin ahala, “teknologia berrien sorrerarekin bertako ikerlariek ezaguera berriak lortzen joan ziren, gaur egun den hamasei kideko enpresa lortu arte”. Batez ere antenak sortzen dituzte, Beaskoetxearen bi proiektuetan protagonista dira haiek, baina antenen komunikazio sistema barruan dauden filtroak, erabilera ugari dituzten poltsikoko radarrak eta Europara zein Espainiar Estatuko beste enpresetarako proiektuak eta sistema osoak ere garatzen dituzte.


Anteral enpresak Miura 1erako hasieran egindako antena.

Europako Espazio Agentzia
Espazioarekin lotura estua dute Beaskoetxeak parte hartzen duen bi proiektuek. Biak, Europako Espazio Agentziak (EEA) gidatutakoak dira “proiektuen nondik norakoak arautzen ditu eta kasu batzuetan proiektuak garatu ahal izateko dirua jartzen du”. EEAk espaziora zerbait bidaliko duen enpresa ikuskatzen du; “ikusteko ea honek jarraitu beharreko arauak betetzen dituen”. Bera bada ere proiektuen jarraibideak ematen dituena, Beaskoetxeak dio “enpresa bakoitza dela proiektuaren kudeaketa eta ikuspuntua nola eraman erabakitzen duena”. Kasu honetan, Beaskoetxeak egindako lana ere ikuskatzen du EEAk, bi proiektu garrantzitsuetan parte hartzen baitu Anteralek eta Beaskoetxeak berak egindako antenen diseinuek; hala nola MIURA 1 suziriaren antenen diseinuek zein Space Rider espazio ontziaren antenen diseinuek.

MIURA 1 eta MIURA 5 suziriak
2019. urteko irailean jaurtitzea aurreikusita zegoen MIURA 1 izeneko suziria. “Hainbat arazo teknikoengatik” baina, aurtengo abenduan jaurtiko dutela adierazi du Beaskoetxeak. “Sateliteak jaurtiko dituen lehenengo suziri espainiarra da, eta berrerabilgarria” PLD Space enpresa sortu duena Elxen. Horrek sortu ditu suziria bera, motorra eta hobiak; baina GMV enpresa arduratu da suziriaren abionika fabrikatzeaz. Bi enpresek, EEArekin batera, Espainiar Estatuan egongo diren suziri jaurtigailu “berrerabilgarri eta suntsiezinak” sortu dituzte, eta haien komunikazio sistemarako Anteral enpresa aukeratu zuten. Beaskoetxeak eta proiektuaz arduratzen diren kideek, suziri horietarako hiru antena garatu eta diseinatu dituzte. Horietako bi “suziriak lurrarekin komunikatzeko antenak” dira, eta hirugarrena “suziriaren lokalizaziorako antena” litzateke. Suziriaren jaurtiketan “lurreko kontrol estaziotik dena programatuta dagoela” dio Beaskoetxeak, baina, hala ere, “ezinbestekoa da antenen beharra, ikusteko eta konprobatzeko programatutako suziriaren mugimenduak eta bidea ondo betetzen direla”. Elinberri argibide hiria orrialdearen arabera, MIURA 1 suziria “150 kilometroko altuera hartzeko prestatuta dago”. Beaskoetxearen aburuz “kontzeptu proba” deiturikoa dela dio, hasiera batean “suziri horren bitartez hainbat enpresa pribatuk sateliteak orbita baxura jaurtiko dituzte makina bat helbururekin; zientzia ikerketak egiteko adibidez”, baina “suziri potentea MIURA 5a izango da, lehenengoa baino handiagoa izango dena eta zama handiagoa eraman ahal izango duena ”. Suziri horrek jaurtiko dituzten sateliteak izateaz aparte “ikerketa eta esperimentuetarako bide ere izango dira” dio. Azken hau, 2024an jaurtiko dute eta Anteral proiektuaren parte izatea espero du Beaskoetxeak.


Anteral enpresak Miura 1erako hasieran egindako antena.

Space Rider espazio ontzia
EEAren foku pean garatutako proiektua da hori ere, eta Thales Alenia Space Italia enpresa handia da Space Rider misioaren ardura duena. Kasu horretan, enpresak aukeratu zuen Anteral proiektuan parte hartzeko: lurreko orbita baxuan askotariko misioak garatuko dituen tripulatu gabeko ibilgailu espazial berrerabilgarri baterako antenak diseinatzeko, hain zuzen. Space Rider-a Vega-C izeneko suziriaren bitartez, Europak Guyana Frantsesean duen espazio portutik espaziora jaurtiko den espazio ontzia da eta 2023. urtean jaurtitzea aurreikusita dago. Beaskoetxearen arabera “suziri horrek beste enpresa batzuek garatutako antenak ditu”, baina kasu horretan “Anteralek, suziriak espazioan utziko duen Space Rider espazio ontzirako diseinatuko ditu antenak”.

Bi antena mota diseinatu dituzte Beaskoetxeak eta proiektuko lankideek; batetik, FTS (Flight termination system) antena eta bestetik baliza antena. Lehenengoa “espazio ontziaren segurtasun sistemari lotutako antena da, arazoak egotekotan seinalea jasoko duena eta ontzia suntsitzeko abisua emango duena”. Bigarren antenak, ordea, “espazio ontziaren lokalizazioaren gaineko informazioa batuko luke, lurreko espazio estaziotik uneoro jakin dezaten non dagoen”. Beaskoetxeak “futurista gisa” deskribatu duen espazio ontzi horretan, “laborategi txiki ugari egongo dira, non EEAri baimena eskatu dioten enpresek ikerketak eta probak egiteko aukera izango duten”. Biomedikuntza, farmazia, biologia eta zientzia fisikoko alorretako ikerketak izango dira. Beaskoetxeak harro adierazi du: “zoragarria da pentsatzea Thales bezalako enpresa handi batek zurea aukeratu duela bere proiektua garatzeko”.

Antenen diseinu prozesua
Anteralek egiten dituen antenen diseinuan “ikerlari edo langile nagusi bat dago” haien lanketa prozesuan egunero egoten dena. Bi proiektu horien kasuan, Unai Beaskoetxea da horretan dabilena. Haren esanetan “antenen diseinua bukatu eta haien mekanikaz arduratzen den mekanikariarekin hitz egiten du, eta bera da antena babesten duen metala sortzeaz arduratzen dena bai eta antenaren mekanismoaren kargu hartuko duena”. Hala ere “antenen diseinua eta mekanika garatzeko prozesuan, taldean, badaude aholkulari lanak egiten dituzten lankideak ere”.

Berez, EEAk, proiektu bakoitzaren beharren arabera, antenak diseinatu behar duen enpresari zehazten dizkio “antenak zein frekuentziatan jardun behar duten, adibidez” baina, hala eta guztiz ere, “ezaugarri horiek aurrez zehaztuta egon ohi dira”. “Behar den antena mota, haren pisua eta halako nolakotasunak diseinatzaileak enpresa berarekin negoziatzen ditu, eta EEA da nolakotasun zein exijentzia horiek ondo betetzen direla egiaztatzeaz arduratzen dena” dio.

Hala kontatu du Beaskoetxeak, “behin ideia ateratakoan, ordenagailuko programa batekin diseinua egiten da, probatu egiten da eta emaitzak aurkezten dira”. Ez da lan samurra,“zerotik hasi eta azken diseinua izateraino prozesuan hainbat bilaketa egin behar direla” dio “interneten ikertu, antenak kontuan izan behar dituen frekuentziak aztertu, beste enpresek erabiltzen dituzten baliabideak ikusi, beste suziri batzuk erreferentziatzat hartu…”

Beraz, prozesua zerotik hasten denetik fabrikaziora salto egiten duen arte “hainbat proba egin behar dira, hala nola, antena espazioan nola erradiatu zitekeen ikuskatu, zenbateko potentzia jasango lukeen zehaztu… antenek potentzia eta espazio mugak baitituzte” hala dio Beaskoetxeak. Antenen fabrikazio prozesuaz beste enpresa batzuk arduratzen dira. Aitortu du “ez dela nahikoa edozein fabrikazio mota, eta EEAk ikuskatzen duela fabrikazioaz arduratuko den enpresa gai den antena horiek eskatzen duten exijentziari erantzuteko” nolabait “kalitatea bermatu ahal izateko”. Une honetan, Anteral enpresak Italiako eta Frantziako enpresa batzuekin du harremana fabrikaziorako.


Anteral enpresak Huawei taldearendako egindako 6G teknologiarako antenak.

Probak
Anteralek, antena berdinaren hainbat modelo egiten ditu haien eraginkortasuna probatzeko. Bi modelo suziriarendako eta beste bat haiek bere kabuz funtzionatzen dutela egiaztatzeko. Suziri baten jaurtiketan egon daitezkeen huts egiteengatik galdetuta, Beaskoetxeak dio “gerta daiteke suziriaren motorrean akatsa egotea, edota satelitea askatu behar duenean ez egitea” baina kasu horretan “arazoa zein den ikertzen dute hurrengoan huts egite hori ez errepikatzeko”. Arazoak hainbat izan litezke “bai suziriarenak eta bai antenen komunikazio sistemarenak”.

Etorkizunera begirada
Beaskoetxeak enpresak azken hiru urteetan egin duen gorakadarekin “harrituta dagoela” dio; enpresak parte hartu duen proiektuak ospe handiko entitateenak baitira: Thales, Huawei, NASA, Spacex, unibertsitateak… “Aintzat hartzeko kontua dela” dio, gisa horretako enpresa handiek “gurea bezalako enpresa batekin harremanetan jartzen direnean, proiektu txiki bat garatzeko bada ere, poztekoa da”. Batez ere “ekonomikoki hazteko aukera paregabea delako, baina hazkunde eta ikasketa teknikorako bidea ere badelako”. Aitortu du “inposatzen dizkiguten exijentzia zein erronkek enpresa hazi egiten dutela eta superaziorako aukera direla”.

Bitartean, eta egoera pertsonalean Beaskoetxeak dio “nahiko nuke enpresari iristen zaizkion espazioarekin loturiko proiektu guztiak landu ahal izatea” hori baita indarrez gogoko duena. Astronauta izateko bere ametsetik gertuago egon nahiko luke pixkanaka, eta ziur asko bere ametsaren bide beretik doazen “telekomunikazio ikasleei” enpresan sartzeko aukera eskaintzea da gustatuko litzaiokeena: “enpresa handitu eta Nafarroako ikasleak bertara batu, antena hoberenak egiten dituen enpresa garela esan ahal izateraino”.