Atzerapauso izugarria, Altsasuko Udalak eman duena. Pasa den otsailaren 10eko oOsoko bilkuran, Udalak 2017ko Plantilla Organikoa onartu zuen, aurrekontuekin batera. Plantilla Organikoan obra eta zerbitzutarako lanpostu gehienei hizkuntza eskakizuna kentzea proposatu zuen Geroa Baik, eta PSNren eta UPNren aldeko bozkarekin eta Goazen Altsasuren abstentzioarekin, proposamenak aurrera egin zuen. EH Bilduk kontra bozkatu zuen.
Obra eta garbitasuneko brigada zerbitzu anitzetako langileek betetzen dute. Egunero- egunero Altsasuko kaleetan jarduten dute edozein obra, konponketa, muntaketa, eta abar. egiten eta, ezinbestean, Altsasuko herritarrekin zuzeneko hartu emanean daude. Beraz, Altsasuko herritarrek gertuen dituzten udal langileak dira, kalean aritzen baitira lanean. Eta ez dira langile mutuak. Gainera, ezin da ahaztu langile erdaldunek ezinezko egiten dutela lankide edo zinegotziekin euskarazko harremana izatea eta,ondorioz, udalaren euskarazko funtzionamendua.
Lanpostu hauetan euskararen ezagutzak nahitaezkoa izan behar du eta hori ez da gure ustea bakarrik. Lanpostu horiei 2012an jarri zitzaien hizkuntza eskakizuna eta garai hartan Nafarroa Baik alde bozkatu zuen. Zer aldatu da ordutik hona? Euskaldun gutxiago dago orain ala?
Osoko bilkuran, Udalak eskaintzen dituen lanpostuak lortzeko izangaiak euskara jakiteagatik ezin direla diskriminatu argudiatu zuten. Baina, soilik hizkuntza al da diskriminatzailea? Ez al da diskriminatzailea ikasketa batzuk eskatzea edo proba batzuk eginaraztea lanpostu horietarako? Administrazioak herritarrei zerbitzua eman behar badie, herritarren hizkuntza eskubideak errespetatu beharko ditu bai ala bai. Bestela, herritar horiek izango dira diskriminatuak.
Nafarroako Gobernuan Ana Ollok euskararen I. Plan Estrategikoa aurkezten duen bitartean, Geroa Baik Altsasuko euskararen ordenantzaren norabidearen aurka egiten du. Geroa Bairen eskuetan dagoen gobernuak “Finkatutako lanpostu elebidunen kopurua gehitzea plantillan, herritarren hizkuntza eskubideei behar bezala erantzuteko” helburutzat duela esaten duen bitartean, Altsasuko Geroa Bairen ekintzek kontrakoa erakusten digute.
Atzerapauso hau onartezina da eta argi erakusten du zein den Altsasuko Geroa Baik euskararekiko eta euskaldunekiko duen jarrera baztertzailea. Berriro ere, euskaldunak bigarren mailako herritartzat hartu gaituzte. Baina udalari argi eta garbi esaten diogu euskaraz bizi nahi dugula eta eskubide hori errespetatu behar duela. EUSKARAZ BIZIKO GARA!