Aurreko astean Nafarroako Berdintasunerako Institutuak Nafarroako emakumeengan konfinamenduaren inpaktuaren eta ondorioen ikerketa aurkeztu zuen 51 emakumeren ahotsaren bidez. Ez da ikerketaren laburpena egiteko momentua ezta lekua ere; baina bai, ikerketak eta batez ere emakumeek erakusten diguten hainbat gai kontuan hartzeko unea, gizartearen analisia egiteko momentuan, baita irtenbide politiko eta sozialak eskatzean eta onartzean ere.
Lehenengoa emakumeen protagonismoa da. Oso gutxitan jartzen dugu arreta gizakien testigantzan, are gutxiago emakumeen testigantzan, emakumeak inoiz ez dira gizartearen islatzat hartzen (arraroa, ezta? gehiengoa direlako). Testigantzak ez dira soilik iritzi pertsonalak, baizik eta egoeraren benetako inpaktua, bizipenak eta zailtasun errealak.
Honetaz gain, konfinamenduak benetako arazoak irakatsi dizkigu. Konfinamenduan indarrez agertu direnak, baina modu batean edo bestean lehen ere hor zeudenak. Etxebizitzaren garrantzia agerian geratu da; alde batetik etxebizitza izateko eskubidea ez izateak emakume batzuk konfinamenduan oso egoeran zailean bizitzera behartu ditu; beste aldetik, etxebizitzaren funtzioak nola aldatu diren erakutsi digu: enplegua garatzeko lekua, eskolako lanak egiteko lekua, aisialdiko lekua, denok batera orduak emateko lekua… emakumeengan oso inpaktu handia izan du honek, batez ere "etxeak" emakumeentzat duen esanahiarengatik.
Beste gai bat "telelana" da. Orain dela 20 urte, "telelana" kontziliaziorako neurri baten moduan definitu zen; are gehiago, une horretan "emakumeok kontziliatzeko" neurria zela esaten zen. Orain argi geratu da "telelanak" kontziliatzea erabat ahalbidetu duela, baina zer preziotan! Emakumeen lanaren zama izugarria handitu da, etxeko lana eta enpleguaren ordutegiak aldatu egin dira, enpleguan isolamendua nabaria da… eta enpleguarekin lotuta, enplegua bultzatzeko entitateek komertzio txikien itxiera kontuan hartu behar dute, orokorrean emakumeak dituztelako jabeak eta herrien biziraupenaren baldintza direlako.
Eta pentsa dezagun konfinamendua eta COVID gaixotasuna guraso bakarreko familia batean, edo emakume zahar baten etxean, edo laguntza sarerik gabeko migratzailea den emakumeen etxean, edo beste pertsona bat zaintzen ari den emakumeen etxean… Bukatzeko, ikerketak erakusten digu konfinamendua nola bizi izan duen indarkeria jasan duen emakume batek, bere erasotzailearekin isolamenduan bizitzen.
Konfinamenduak hau guztia agerian jarri du. Baina hau ez da epe horretako kontua, jarraitzen du eta jarraituko du, arduradunek eta hiritarrok benetako garrantzia duten arazoei benetako irtenbidea eman arte.