Gauzak ondo bidean, Altsasuko Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunerako III. Plana onartuko du Udalbatzak hil honen amaieran. Baina zer dira eta zertarako balio dute berdintasunerako planek?
Emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren aldeko politika publikoen garapenean, 90. hamarkadarekin batera, inflexio puntu garrantzitsua gauzatzen da, eta sexuen arteko berdintasunera bideratutako erakunde publikoen jarduera politikoa neurri handi batean baldintzatuko duen kontzeptu berri bat hasten da lantzen: genero mainstreaminga edo genero zeharlerrotasunarena.
Kontzeptu hau 1995. urtean sartu zen nazioarteko agenda politikoan Nazio Batuen Erakundeak Beijingen egin zuen Emakumeei Buruzko Nazioarteko IV. Konferentziaren eskutik. Estrategikotasunean eta integraltasunean oinarritutako ikuspuntu erabat berritzailea ekarriko du. Izan ere, politika publikoen ustezko neutraltasun hori zalantzan jarri, eta horiek emakume nahiz gizonengan duten eragin ezberdina azalaraziko du. Horrela, erakundeen jarduera goitik behera eraldatzea bultzatzen du esku hartze publikoko eremu, maila eta fase guztietan emakume eta gizonen bizi baldintza, nahi, behar eta egoerak modu sistematikoan kontuan hartzea dakarrelako.
Planteamendu berri honen ezaugarri nagusiena zera da: sexuen arteko desberdinkerien konplexutasuna bere osotasunean onartzen dela. Hau horrela izanik, ezberdintasun hori osatzen duten osagai guztiak kontuan hartuko dituen planifikazio orokorraren beharra nabarmenduko da beste edozerren gainetik.
Genero zeharlerrotasunaren aplikazio praktikorako tresna gisa, berdintasun legeak eta horiekin batera berdintasunerako planak agertzen zaizkigu. Berdintasunerako planak politika publikoen tresna dira, erakundeetan eta erakundeek jendarte parekideago bat lortzeko ezartzen dituzten helburuak eta burutu beharreko ekintzak biltzen dituena. Planak bere horretan ezin dira helburu bilakatu, jendarte parekideago bat lortzeko bitarteko baizik; honenbestez, etengabeko hobekuntza prozesuaren abiapuntu bezala ulertu behar dira. Honenbestez, Altsasuko Berdintasunerako III. Plana genero zeharlerrotasunean sakontzen jarraitzeko baliagarria izanen da, eragile guztien arteko lankidetza, parte hartzea eta adostasuna izanen baititu ardatz.