Hara zer dien

EMAI

Erabiltzailearen aurpegia Altsasuko Udalaren Berdintasun Arloa

"Ahalduntzea emakume bakoitzaren eraldaketa prozesua da, pixkanakakoa edo azkarra. Emakume bakoitzak besteentzat aritzeari uzten dio, besteen objektu izateari, historiaren objektu izateari, politikaren eta kulturaren objektu izateari, eta bere bizitzaren subjektu bihurtzen da, bere buruarentzatarituko delarik, historiaren, kulturaren, politikaren eta bizitza sozialaren protagonista izanda". Marcela Lagarde antropologo feminista mexikarraren hitzak dira, eta "ahalduntzea" kontzeptua argitzen laguntzen digute.

Pasa den urteko udazkenean diseinatu eta martxan jarri genuen herriko mugimendu feministako partaideekin elkarlanean EMAI- Emakumeen Ahalduntzerako Gunea izeneko egitasmoa, helburu nagusi hauekin: askotariko emakumeen arteko harreman, laguntza eta ahizpatasun sareak sortzea; emakumeen partaidetza soziopolitikoa indartzea; eta emakumeen ahalduntze pertsonala eta kolektiboa lortzeko tresnak eta baliabideak eskaintzea. Parte hartzaile nagusiak Altsasuko nahiz Sakanako emakumeak dira, euren aniztasunean ordezkatuta.

EMAI Ahalduntzerako Gunean era askotako jarduerak garatzea aurreikusten dugu: hitzaldiak, tailerrak, ikastaroak, jardunaldiak, gune iraunkorrak eta zerbitzuak. Edozein modutan, emakumeek egindako ekarpenak funtsezkoak izanen dira horiek zehazterakoan.

Eta zergatik EMAI? Emai-k euskaraz "oparia", "dohaina" esan nahi du; eta "emakumeak" izenarekin fonetika aldetik badu antzekotasun bat. Horrez gain, Afrikan ere erabiltzen da hitz hau; eta Nigeriako Edo tribuan duela jatorria uste da. Hain zuzen, Emai izenak indarra eta ausardia adierazten ditu, eta hainbat belaunaldik itxaropenaren eta erresilientziaren sinbolo gisa erabili dute.

Udaberri honetarako ere egitarau polita antolatu dugu. Anima zaitezte jardueretan parte hartzera!