Gure iruditeria kolektiboan herrien antolaketak ez du generoarekin inolako loturarik, baina hirigintza ez da neutroa. Historikoki gure herri eta hirien diseinua ordainpeko lan produktiboaren dinamikaren beharren arabera antolatu izan da. Horrela, ez dira kontuan hartu pertsonen biziraupenerako ezinbestekoak diren zaintza lanak, lan erreproduktiboaren behar espezifikoak.
Hirigintzan genero ikuspegia kontuan hartzea da eguneroko bizitzak eta esperientziek eragindako beharrak kontuan hartu eta agerian jartzea. Baina nola eragiten digu horrek gure eguneroko bizitzan?
Segurtasunaren ikuspegitik, oso argi ikus dezakegu hirigintzak segurtasun gabezia eta ahultasunsentimendua areagotu ditzakeela; edota emakumeen ahalduntzean eta aske sentitzeko sentsazioan eragin positiboa izan dezakeela.
Segurtasun sentsazioa areagotzeko garrantzitsua da espazio batean orientatzea erraza izatea, norberak ikustea eta besteek ikusi ahal izatea, argiztapen egokia izatea; baina, dudarik gabe, toki bat segurua izan dadin eraginkorrena toki bizia izatea da. Segurtasunetik harago, arreta behar ezberdinak dituzten herritarren eguneroko mugikortasuna erraztuko duten aukera ezberdinak ahalbidetzean jarri behar da. Irisgarritasunean eta oinezkoen lehentasunetan oinarritzen diren herri eta hiriek menpekotasuna duten pertsonen (haurrak, adinekoak, behar bereziak dituzten pertsonak) autonomia sustatzen dute. Horrek askatasun eta aukera gehiago ematen dizkie horien zaintzaz arduratzen diren pertsonei, eta hori guztia kalean, espazio publikoan, agerian geratzen da.
Horiek guztiak ari gara aztertzen Altsasuko Udala garatzen ari den Altsasu berdin partaidetza prozesuan. Datozen asteetan abiatuko dugu prozesuaren azken fasea. Udal-teknikari, ordezkari politiko, Altsasuko Mugimendu Feministako kide eta herritarrekin egindako bileretatik jasotako informazio guztia aztertu ondoren, prozesuaren emaitza nagusia izanen den mapa, emakumeei segurtasun eza eragiten dieten herriko puntuekin osatutakoa, aurkeztuko dugu. Adi, beraz, datozen deialdiei!