Liburu proposamenak

Erabiltzailearen aurpegia Altsasuko Herri Liburutegia 2019ko abe. 20a, 08:32

HELDUENTZAT
Aitaren etxea. Elkar, 2019
JAIO, Karmele
Blokeatuta dago Ismael, bere nobela berriarekin aurrera egin ezinik, argitaletxetik deika eta... Gauzak okertu egingo dira, gainera, bere ama gaixotu egin dela-eta, aitaz arduratu behar duenean.
Hiru pertsonaia nagusiren inguruan eraikitako istorioa da. Botere harremanek sortzen duten tentsioa dago kontatzen denaren azpian.
Idazlearen hitzetan: “Gure eguneroko harremanen azpitik lur azpiko ibaien antzera dabiltzan botere harreman horiek azalarazi nahi nituen, eragina dutenak gure harreman sentimentaletan, gure lanetan, gure familian, gure bizitzako eremu guztietan”

KOMIKIA-HELDUENTZAT
Euskaltzaindia, euskararen 100 urteko laguna. Euskaltzaindia, 2019
BALLESTEROS, Amaia, gidoia eta marrazkiak; ZABALA, Juan Luis, gidoia.
Euskaltzaindiaren historia ahalik eta modurik atsegin eta entretenigarrienean kontatzen du. Komiki honek 72 orrialde ditu guztira, azal gogorra, koloretan argitaratu da eta lau ataletan banatuta dago: Sorreratik 36ko Gerrara arte (1919-1936), 36ko Gerratik euskara batuaren sorrera arte (1936-1968), Euskara batuaren sorrera eta hurrengo hamarkadak (1968-2005), Aro berria (2005-2019).

ALBUMA-HAURRENTZAT
Bonobo betaurrekodunen egiazko historia. Pamiela, 2014
TURIN, Adela, idazlea; BOSNIA, Nella, ilustrazailea
Bonobo arrak, emeak eta haurrak oihan batean bizi dira. Egun batean 4 bonobo ar Belfastera joaten dira ingelesa ikastera eta handik bueltan, ingelesa irakasten diete gainontzekoei. Ongi egiten duenari betaurreko moreak ematen dizkiote. Emeak ere saiatzen dira ingelesa ikasten eta baita lortu ere; baina betaurrekoak janzterakoan bonobo arrek iseka eta irri egiten diete, emeek buruan zapia eraman nahi dutelako. Emeak beste oihan batera joaten dira eta beren bizimoduarekin jarraitzen dute, haziak eta fruituak biltzen. Bonobo arrek arboletatik jaitsi behar izaten dute janari bila, gose baitira. Emeak eta kumeak dauden oihanera joaten dira zenbaitzuk beren bizimodu berria ezagutzera. Utziko al diete?