Altsasuko liburutegiko gomendioak

Helduendako nobela: Erbesteko elurra
(Felipe Juaristi. Erein, 2019)
Juaristi poeta gisa da batez ere ezaguna. Hamabi urte narratiba argitaratu gabe eta liburu bikain hau ekarri digu orain. Punk abeslari baten heriotza ikertzera joan da literatur iruzkingile bat Madrilera eta han gertatutakoa, baita iruzkingilearen bizitzan aurretik gertatutakoa ere, azalduko digu. "Funtsean, maitasuna zer den adierazi nahia da. Maitasunari eustea bizitzari eustea baita; bizitza maite duenak ezin maitasunik gabe bizi. Musikarik gabe ere ezin bizi, berak eramaten gaitu egon nahi dugun tokira. Bakea, azken finean, errurik gabeko mundu berrira sartzea baino ez da". 

Helduendako eta gazteendako albuma: Maite zaitut
(Testua, Hélène Delforge, marrazkiak Quentin Gréban. Algar, 2020)
Helduendako eta gazteendako albuma, tamaina handian. Maitasuna bere ardatza da. Ezkerreko orrialdeetan testuak, eskuinetakoak marrazki zoragarriekin osatuta. "Egoera bat, aukera bat, ustekabe bat, sentimendu bat, sentsazio bat, emozio bat. Maitasuna bizi egiten da, esan egiten da, kontatu egiten da, partekatu, maitasuna hasi egiten da, baita bukatu ere... batzuetan. Baina ez beti. Maitale adina amodio dago". 


Haurrendako albuma: Ezetz asmatu zenbat maite zaitudan
(Testua, Sam McBratney; irudiak Anita Jeram. Kókinos, 2007)
Jadanik, haurrendako klasiko bat. Testu gozo eta samurra, irudi samurrekin lagunduta. Gure haurrekin lotara joan aurretik irakurtzeko istorio aproposa, denoi bihotzera iristen zaiguna.