Bazterretik

Altsasuko liburutegi publikoaren irakurketa proposamen hauekin gatoz:

HELDUENDAKO: Karena (Alaine Agirre. Elkar, 2021)
Altsasuko Liburuaren Astean Alaine Agirre gurekin egon zen Karena liburua aurkezteko. Bere eskarmentutik abiatuta, baita beste emakumeen esperientziatik ere, azaldu zigun nola sortu zitzaion liburu hau: ama izatearen nahia, haurdun geratu bikoterik gabe, intseminazioa, abortu bat erditu arte. Prozesua intentsitate handiarekin kontatuta, gehienetan oso gogorra, batzuetan samurra, minez blai. Sarak, protagonistak, aurre egiten dio minari, pixkanaka-pixkanaka itsasoaren poderioz… sendatzen joaten ari da. Liburu hunkigarria, ederra. Gai  hauetaz guztiez ezagutarazteko balioa ere badu. Nobela honekin azken Irun Hiria Kutxa Literatura saria jaso du Alainek.

GAZTEENDAKO ETA HELDUENDAKO: Bizitzaren benetako funtsa (Jean-François Sauré eta Jorge González de Matauco (Gidoilariak); Fernando Ferreiro eta Esteban Hernández  (ilustratzaileak. Saure, 2021)
Liburu hau hiru komikiz osatuta dago: Kirolaren balioak, Matxinsalto-argitaratzailea eta Esaerak eta ikasbideak. Lan hauen arteko lotura zera da bizitzan benetan garrantzia duena jasotzen dutela. Jende asko baliatzen da bere ospeaz, bere botereaz, baina barru-barruan, ez dira zoriontsu. Bizitzan arrakasta lortzen ahalegintzen diren pertsonak ez dira besteekin alderatzen, euren buruarekin ondo sentitzeagatik egiten dute, izan editore, kirolari profesional edo kale-garbitzaile.

HAURRENDAKO GAZTEENDAKO ETA HELDUENDAKO: Lurreko paisaia galduak (Aina Bestard. Txalaparta, 2021)
Album ilustratu bat ekartzen dizuegu, Aina Bestard ilustratzaileak eginda. Denboran zehar lur planeta nola sortu zen ezagutzeko bidaiarazten digu, bere marrazkiekin XIX. mendeko paleontologiako irudiztapenari omenaldi bat egiten. Haur koxkorrak, gazteak, helduak eta baita familia artean gozatzeko eta ikasteko ere, informazio zehatz eta ilustrazio ederrez osatua dago. Lan honek azken liburuen Bolognako azokan aipamen berezia lortu zuen.