Altsasuko Liburutegi Publikotik hiru irakurketa proposamen hauekin gatoz.
- HELDUENDAKO:
Nire minaren etxean / Iñigo Antsorregi Dierez. – Elkar, 2022
Ez da txantxetako gaia: liburu honen egilea, Iñigo Antsorregi Dierez, bere burua hiltzeko zorian egon zen, agur-mezua ere prestatuta, depresioak horraino eramanda. Ez da txantxetako kontua, baina idazleak broma giroan kontatu nahi izan digu bere prozesua: zerk piztu zion gaitza, nola iritsi zen horra, nola sentitzen zen egun haietan, eta baita nola lortu zuen ateratzea. Ez da txantxetako arazoa gaixotasun mentalek daukaten zabalkundea eta gizartean sortzen duten estigma. Horregatik da bi aldiz eskertzekoa autorearen lana, bere minaren etxea jendaurrean erakusteagatik eta egoera horretan dauden guztiei laguntzeagatik. - GAZTEENDAKO:
Marrubizko uda / Karmele Mitxelena; marrazkiak, Alex Orbe.– Elkar, 2022
MIKEL ZARATE SARIA 2022
Maitek askotan pentsatzen du bere familia ez dela normala, etxean ez baitituzte, antza, gauza normalak egiten. Oporretan esaterako, beren Berlingo urdinera igo, karabana zahar bati tiraka, herri galdu bateko kanpin batera joatea besterik ez zaie gurasoei bururatu. Hori gutxi balitz, aita eta ama, iritsi orduko, txakurra eta katua bezala hasi dira. Banatzekotan daude. Maite halabeharrez dago gogotxartuta. Ustekabean, ordea, lagunak egingo ditu, eta bere egoera ez zaio horren aldrebesa irudituko. - ALBUM IRUDIDUNA (Animaliak maite eta haien bizilekua babesten duten pertsona guztientzat):
Eguna argitzeko zain /Fabiola Anchorena.- Pamiela, 2022
ALBUM IRUDIDUNAK EGITEKO
NAZIOARTEKO XV. COMPOSTELA SARIA (2022)
Asteak zituzten eguzkiak, ilargiak eta euriak oihanean agertu gabe, eta gau ilunak irentsia zuen dena. Amazonasko animaliak – gauekoak zein egunekoak, laster, hegan, igeri, orro edo karranka egiten dutenak– kezkatan daude, erabat aldatua ikusten dute beren bizilekua, eta bidaia bat hasi dute ikertu nahian zergatik ez duen argitzen egunak.
"Eguna argitzeko zain" ipuinaren testu poetikoaz eta koloreen erabilera hunkigarriaz baliatzen da Fabiola Anchorena denei ohartarazteko nolako esplotazio eta suntsipena sufritzen ari den Amazonia azken hamarkada hauetan. Albumak basoetako suteez gogoeta egitera ere gonbidatzen gaitu: suteak, aldaketa klimatikoa dela-eta, gero eta gehiago dira azken urteotan, eta, zoritxarrez, albiste ditugu udaro.