Altsasuko Liburutegi Publikotik irakurketa proposamen hauekin gatoz:
- HELDUENDAKO:
Lanbroa / Pello Lizarralde. – Erein, 2024
Larunbat arratsaldea merkataritza-gune batean. Gizon bat dabil han familia ondoan duela. Emakume bat ere bai, bakarrik eta zerbait erosteko asmoz. Begiradarik gurutzatu ez arren, gizonak eta emakumeak elkar ikusi dute. Horrek eragin dien asaldura izugarriak handik lehenbailehen irteteko eta etxera erretiratzeko behar larria ekarri die. Bakoitza bere aldetik, hogei urte lehenago gertatu zena biziberritzen ahaleginduko da. Egun hartan ordu batzuk eman zituzten elkarren ondoan, eta ez biek hala nahi izan zutelako. Lanbroak hartutako lurralde batean barrena ibili ziren ihesi, helburu zuten muga lausoa noiz iritsiko. Bataren ahotsak ekartzen dizkigun oroitzapenak ez datoz bat bestearenekin. Oroitu nahi izatea ez da nahikoa. Gogoratzen denari lotuta beti egoten da ahazten denak uzten duen hutsunea, eta bi protagonistei, aurrera egingo bazuten, orduko hura burutik kentzea komeni zitzaien. Hala ere, iraganak gordetakoa ez da gure nahira etortzen, eta betiko lo zegoela uste genuena noiznahi agertu daiteke. Ezin jakin noiz, ezin jakin nola...
- GAZTEENDAKO, HELDUENDAKO:
Gorputz txiki batean jaio nintzen / Mikel Denis. – Denonartean, 2023
Gorputz txiki batean jaio ginen, eta hortik esleitu ziguten genero bat, guk geuk gure nortasuna zein den adierazi aurretik. Esleitze horretatik jaiotzen dira inposaketak ere, desberdintasunak, etiketak, aurreiritziak eta gutaz espero diren hainbat gauza. Eta zer erru dauka nire gorputzak?
- HAURRENDAKO – GAZTEENDAKO - HELDUENDAKO:
Gabon eta ondo lo egin! /Esther van den Berg. – Ttarttalo, 2023
Marigorri gaueko lo-begiralea da. Zer egiten dute intsektu-hoteleko xomorroek lotara joan aurretik? Hortzak garbitzen dituzte? Ipuintxo bat irakurtzen dute? Hori ikustera doa Marigorri! Lotara joan aurreko ohiturei buruzko liburu alai eta dibertigarria. Loti txikientzat eta gautxorientzat.
Lotara joan aurreko ohiturei buruzko liburu alai eta dibertigarria.