Bazterretik

Irakurketa proposamen hauekin gatoz

HELDUENDAKO: nobela
Detaile xume bat / Adania Shibli. – Igela, 2024
1948ko arabiar-israeldar gerran zehar zazpiehun mila palestinar baino gehiago izan ziren beren etxetik egotziak. Hondamendi horri deitzen zaio Nakba edo palestinar exodoa. Handik urtebete pasatxora, 1949ko udan, Israelgo estatu sortu berriak destakamentu militar bat bidali zuen Negev basamortura Egiptorekiko hegoaldeko muga zaintzeko, baita ingurua arakatzeko ere, han gelditzen ziren arabiarren bila. Espedizio horietako batean, soldaduek beduino talde bat aurkitu zuten, eta aurkikuntza hura krimen baten abiapuntua izan zen. Zenbait hamarkada geroago, XXI. mendearen hasieran, emakume palestinar batek gertakari horri buruzko artikulu batekin egin du topo, eta, harekin lotutako detaile xume batekin obsesionaturik, bidaia arriskutsu bati helduko dio lurralde okupatuetan zehar, egiaren bila.

GAZTEENDAKO, HELDUENDAKO: Eleberri grafikoa
Mo: behi euskaldun baten memoria / Juan Suarez (irudiak), Pello Varela (gidoia). – La Cupula, 2024

Bernardo Atxagaren Behi euskaldun baten memoriak nobelan oinarritua.

MOk ez du behi makal bat izan nahi. Ulertu egin nahi du bere mundua,

Balantzategi baserria eta haren inguruan gertatzen ari dena. Zergatik dago basoa begiz beteta? Nor da Karral? 1936ko gerra ez al zen, bada, bukatu? Bere barruko ahots zuhurrak galderak alde batera uzteko eskatzen dio, bizitzeko lasai, baina berak nahiago du La Vache betizuari segitu eta, arriskuak arrisku, nor izan.

 

HAURRENDAKO – GAZTEENDAKO - HELDUENDAKO: Album ilustratua
Bat eta zazpi / Gianni Rodari ; irudiak, Beatrice Alemagna

Bianchi jaunak, Italia guztian barna saltzen ibiltzen zen merkataritza-agente batek, sakelako telefonorik ez zegoen garaian, egunero deitzen zion bere alabari ipuin bat kontatzeko. Baina deiak oso garestiak zirenez, ipuinek oso laburrak behar zuten izan. Telefonozko ipuinak da Gianni Rodariren obra garrantzitsuenetako bat, eta Bat eta zazpi da horietako bat.

Paolo, Jean, Kurt, Juri, Jimmy, Txu eta Pablo. Zazpi ume, zazpi hiritakoak: Erroma, Paris, Berlin, Mosku, New York, Shanghai eta Buenos Aires. Zazpi ume desberdin baina ume bera. Zazpi ume, hizkuntza berean egiten dutenak irri. Zazpi ume, handitzen direnean elkarri kontra eginen ez diotenak, gizon bera izanen baitira. Beatrice Alemagna da esanahi sakoneko istorio labur honen irudigilea. Haren irudiek testuraz eta kolorez beteak, une oro testuarekin bat egiten dutenak, informazio gehigarria ematen dute umeen hiriei buruz.