HELDUENDAKO: nobela. Azpijokoa Azpiazun / Iñaki Dorronsoro Maioz
Nobela beltza moduan argitaratu dute liburu hau, baina ez da ohikoa, umorea eta parodiak tartekatzen baitira. Miren kazetaria eta Alfontso detektibea dira protagonistak, eta bi horien elkarrizketa zoragarrien bidez ezagutuko ditugu auzo bateko gertaera ilunak. Lapurrak, politikariak, tabernariak… Hilketa bat argitzeko ikerketa kontatzen du eta horretarako era guztietako pertsonaiak aurkezten dizkigu. Euskal Herriko edozein bazterretan gerta daitezke Azpiazu auzo horretako gorabeherak, eta hori aitzaki moduan hartuta, kritika soziala ere egiten du idazleak, ustelkeria, boterearen manipulazioa….
GAZTEENDAKO, HELDUENDAKO: Komikia. Bi ahizpa / Isabelle Sivan-Bruno Duhamel
Lise eta Camille bi ahizpa dira. Bata kementsua eta kirolaria da, finantzetan lan egiten du eta futbola maite du. Bestea, hippyagoa, irakaslea da eta musika-tresnen bilduma egiten du. Bitxia bada ere, hain ezberdinak izan arren, etxe berean bizi dira, bitan banatuta. Baina, zenbat denbora gehiago? Jabeak eraikina saltzea erabakitzen duenean, elkarrekin erosteko asmoa dute. Baina, lortuko al dute ados jartzea?
HAURRENDAKO: Album ilustratua. Orkestra zooragarria /Gotzone Butron ; irudiak, Aitziber Raya
Musikaz maitemintzeko ipuin zoragarria. Alde batetik, bikain eta neurritsu kontatuta dagoen istorio dibertigarria dakarkigu: ariak kantatzen aritzen den ama kantari bikain bat, animalietan ausartenak ere liluratzeko gai izateaz gain, egunerokotasuna itzulipurdikatzeko gauza dena. Beste alde batetik, musika klasikorako gonbita eskaintzen digu, hiru kanten bitartez, albuma irakurriz, ikusiz, eta entzunez goza dezagun. Orkestra zooragarria, izenak dioen bezala, zooragarria da. Musika eta fantasia modu magistralean elkarlotzen ditu, umorea ere txertatuz eta istorio dibertigarria bezain hezitzailea sortuz.