Denbora gutxi igaro den arren, berriz ere hauteskundeak izan dira. Iritsi da lau urtean behineko espektakulu bera, bozken gosez piztiak elkarri hozkaka, funtsean aldaketa gutxi egon daitezen. Beteko ez diren promesak egiteko momentua, ahoa hitz politez betetzekoa, alderdi instituzionalen aurrekanpaina politikoa: mitinak, propaganda, sare sozialak, bozka emango ez duen horren aurkako mezuak...
Soilik bi bando daudela diote: faxistak eta demokratak. Abstentzioa ulergaitza dela diote, honek faxismoa indartuko lukeelako; baina, aldiz, pixkanaka, politika instituzionalarekiko konfiantza jaisten doa. Bozka eman ez duen horren ardura izan ordez, politika instituzionalaren mugen ondorio da, hartutako neurrien ondorio: poliziaren normalizazioa, ertzaintzaren omenaldietara joatea, okupazioaren kontrako ofentsiba, neurri autoritarioen gorakada, NATOren indartzea, aurrekontu militaristak onartzea, etxegabetzeak ezin gelditzea, etab.
Politika egitea ez da soilik lau urtean behin bozka ematea eta demokraziaren festan sinistea, baizik eta egunerokotasunean antolatzea. Gurea kanpaina politikoa eternala da, mundu hobe baterako daukagun grinak ez baitu ulertzen lau urtean behin soilik agertu daitekeenik. Etengabea da, etengabe egon behar dugu gazteria antolatzen, antolakuntza politiko iraultzailearen bandera indartsu astintzen.