Jai Batzordeari hasiera eman genionetik 6 urte pasa diren honetan, Altsasuko kuadrilla andana honen baitan antolatu dira berriro ere herriko jaiak aurrera eramateko. Kuadrilla horiek izan dira aurtengo egitaraua posible egin dutenak. Hemendik, eskerrik beroenak nola edo ala parte hartu duzuen guztioi.
Beste urte batzuetan izan ditugun kirol ikuskizun, hamaiketako, edota kontzertuei, aurten,
monologoak, artisau azoka eta kultur eskaintzak gehitu zaizkie, herriko heldu zein txikienei Jai
Batzordeko eskaintza ahalik eta erakargarrien suertatzeko nahiarekin.
Tamalez, aurten, Altsasuko Peñetan eta jaien antolaketan urte askoz bere alea jarri duen kide
bat ez dugu gure artean edukiko. Horregatik, Ionen senideei eta gertukoei gure besarkadarik
beroena bidali nahiko genieke.
Aurreko urteetako premisari jarraiki, antolaketari dei egiten diogu, fruituak ematen ari den jaien inguruko antolakuntzan murgiltzeko. Hori dela eta, jai hauetan eta etorkizunean, Jai Batzordearekin bat egitera eta gure artean antolatzera gonbidatzen zaitugu.
Argi dugu, langile guztiontzako kalitatezko aisialdia instituzioetatik kanpo posible dela eta hau bultzatzen, indartzen eta aldarrikatzen jarraituko dugu. Hori dela eta, jaietan ere, langileriaren kontrako erasorik onartuko ez dugula adierazi nahi dugu.
Hortaz, gure espazioetan faxistak, polizia edota erasotzaileak ongi etorriak ez direlakoan berresten gara.
Animatu eta gerturatu Jai Batzordearen ekintzetara.