Iragana, oraina eta geroa

Erabiltzailearen aurpegia Altsasuko Gaztetxea 2025ko urt. 27a, 07:27

Jaiotzen garen momentu beretik geure izaera eraikitzen hasten gara, eta txikitatik, izan nahi dugun horretan pentsatzen dugu. Pixkanaka ibiltzen ikasi, geure lehenengo hitzak esan, bizikleta hartu… eta konturatu orduko hain txikiak ez garela ohartzen gara. Gutxika geure buruen gaineko kontzientzia hartzen goaz eta etorkizunean izan nahi dugun horretan modu argigarriagoan pentsatzen dugu. Baina ez dugu soilik pentsatzen, geure egunerokoan egiten dugunak gerturatzen gaitu izan nahi dugun horretara.

Denbora pasa ahala geure bizitza aurrera doa, momentu txar eta onak igarotzen ditugu, baina kideon artean elkar zaintzen gara. Erortzen garenean altxatzen gara, eta ez zaigu axola berriz erortzea, aurrera egiten saiatzen ari garela argi dugulako. Atzera begiratuta geure burua baloratzen dugu, eta konturatzen gara beti izan garela gazte, eta aldi berean, heldu. Geroari begira jarraitzen dugu, baina orain garena eta bihar izan nahi duguna, atzoko bideari erreparatu gabe ezin dela ulertu konturatzen gara.

Lagunekin iragana birgogoratzen dugu eta etorkizuneko kezkak elkarbanatzen ditugu, eta ohartzen gara, elkarrekin modu anaitsuan jardun izan ez bagenu, ez geundekeela hemen.

Nire historia beste askorena ere bada, eta ni beste hainbesteren historien parte naiz. Ohartzen gara krisialdi kapitalistak, gerrak eta faxismoaren gorakadak markatutako etorkizunean elkar laguntzen ez badugu, gorriak ikusiko ditugula. Elkarrekin antolatzen, elkartasun zubiak eraikitzen eta borrokatzen ez badugu, gureak egin duela ikusten dugu.

35 urte betetzera noan honetan nire iraganari begiratu eta egindako bideaz harro nagoela argi esan dezaket. Geroari erreparatzean, etorkizun ilun honi aurre egingo dion langile mugimendu iraultzailearen aktibo politiko izango naizela, gazte langileontzako erreferentziazko gunea izango naizela, beste Gaztetxeekin elkarlanean lan egingo dudala eta gazte langileon borroka eta antolakuntza hauspotuko ditudala argi dut. Gazte guztiok bat eginik, oraina borrokatuz beste gero bat posible dela argi daukat, eta txikitatik izan nahi dudan hori geroz eta gertuago ikusten dut; beste mundu bat.

Eskutitza honekin, nire 35. urtemugako ospakizunetara batzeko gonbita luzatzen dizut.