Urtero bezala, ikasturte amaiera iristear dago eta horrekin batera, 2. Batxilergoko ikasleek unibertsitatera sartzeko selektibitateko azterketak egitera behartuta ikusten dute haien burua.
Selektibitatea filtro sozialerako tresna bilakatu da: ikasleen egoera ekonomikoaren arabera sailkapen bat egiten da, baliabide ekonomiko gutxiago dituzten ikasleek selektibitatea prestatzeko baldintza ekonomiko gutxiago dituztelako. Bestetik, plaza kopuru mugatuak daudenez, ikasleen artean indibidualismoa eta lehiakortasuna sustatzen da, haien arteko lehia bultzatuz. Gainera, prestaketak dakartzan presio eta lan karga handiaren erruz, ikasleen artean osasun mentalari lotutako arazoak areagotu egiten dira, hala nola antsietatea edota depresioa.
Azkenik, ezin aipatu gabe utzi ikasturte honetan selektibitate eredu berriak ekarri duen ezegonkortasuna, ikasleek informazio zehatzik gabe jarraitzen baitute oraindik. Horren guztiaren aurrean, Altsasuko Gazte Asanbladatik eta Ikasle Abertzaletik indibidualismoari aurre egiteko apunte banku bat jarri dugu martxan, non ikasleek apunteak utzi edo hartu ditzaketen. Bestetik, familiek bizi dezaketen egoera ekonomiko kaxkarraren aurrean, doako errefortzu klaseak antolatu ditugu Gaztetxean. Azkenik, Altsasuk dituen udal azpiegitura murritzen ondorioz, ikasle askok ez dute espaziorik ikasteko eta horri irtenbide bat bilatze aldera, astelehenetik ostiralera 9:00etatik 21:00etara ikasle gela ireki dugu Gaztetxean.