Kolaborazioa

Erronka soziala: suizidioa. Pandemia isilari ahotsa jarriz

Ongi etorria guztioi irailera. Hilabete honetan zehar geure artean dauzkagu Sakanako azkeneko herrien jaiak, oporrak pasa direnaren seinalea dugu eta gauza askori hasiera, amaiera, elkarretaratzea eta agurra ematea tokatzen zaigu denoi. Bai, aldaketa askorako unea honakoa eta baita ekainean geratutakoari berriro gogoz ekitekoa. Era berean, alferkeria zein ilusioaren hilabetea. Hau guztia eta hainbeste nahasketa batera; hau guztia eta hainbeste nahasketa aldi berean. Hala dela, kontraesan horren guztiaren artean, bizitzeko denboraren presaren ondorioz emozioak elkarren artean gainjartzen diren momentua izanda, iraila da suizidioaren prebentzioaren hilabetea. Honakoa dugu pandemia isilaren hila, azkenaldian deitu ohi den bezala. Gaur egun, 15 eta 34 urte bitarteko gazteen artean heriotza kausa nagusiena da, tumore arazoen ondoren. Are gehiago, datuetan arreta jarriz gero, Nafarroan batez beste 50 pertsona izaten dira urtero bere buruaz beste egiten dutenak, ehuneko handiagoa izanda gizonezkoetan. Honi gehitu behar diogu, adin tarterik ohikoenak 40 eta 50 urte bitartekoak zein 70 urtetik gorakoak izaten direla. Dena den, burututako suizidio bakoitzeko, 20 arteko saiakera ez-hilgarriak kontutan hartu behar dira. Hauek ere, heriotzan ez amaitu arren, garrantzia osoa duten saiakerak dira jokaera beraren erraiak berdinak baitira eta ondorio larriak edukitzeagatik. Honek, gertatutakoari naiz sufritzen dagoen pertsonari ebazpen bat ematera behartzen gaitu.

Zoritxarrez, honako gaia tabu bezain delikatua da oraindik. Egia esan, beti pentsatu izan dut bizitza kentzea oso pertsonala dela. Txikia nintzenetik entzun izan dut helduagoen ahotik ateratako “norbaitek bere buruaz beste egin nahi badu, ezin duzu ezer egin, hala ere egingo du”  bezalako esaldiak. Esan bezain erraz. Edonork horri ekitea erabakitzen duen zerbait balitz bezala, erabateko askatasunez, pertsona bakoitza bere bizitzaren jaun eta jabea dela ohoratuz. Beraz, zu zara zure bizitzaren nagusia, zeu gaixo dagoena eta zeu laguntzarik ez eskatzeaz gain tristuraren espiral batean murgiltzea erabakitzen duena. Hortaz, berriz ere zeu zara zulo horretan bertan geratzea zein argirik ez ikustea, bizi nahi ez izatea edota egunez egun jasan nahi ez izatea erabakitzen duena. Hau da, zure borondate askatasunarekin erabakitzen duzu bizitza ez zaizula gustatzen eta zure bizitzaren jabe bakarra zarenez, horrekin bukatzea erabakitzen duzu. Zure inguruak inolako zer ikusi, zer edo zer esan edo egin ez balu bezala, baita egin beharrik ez balu bezala, noski. Nahiago nuke horren erraza izatea guztiz, gainontzekook ardura guztietatik salbuetsita geratuko ginelako. Dena dela, guztion artean erantzukizunak kanpora botatzen jarraitzeak kezkatu egiten nau, joko hau, bizitza bizi eta bizitza kentzearen jokoa, gurekin batera joango ez balitz bezala.

Gaiaren inguruko kontzientzia faltaren tonuarekin jarraituz, bere bizitza kendu duen pertsonaren hurbileko jendea ala ez hain hurbilekoa garenok "baina, zerbait gaizki zegoen ala?" galdera klasikoa egitera ausartzen gara. Are gehiago, hauxe bera gaineratuz, harridura osoz: "Kontxo, hain itxura ona zeukan! Ez zitzaion ezer nabaritzen!". Harriduraz esaten dugu, noski. Gu geu egunero nola sentitzen garen erakusten lehenak izango bagina eta besteek bere aurpegian zer erakusten dutenari arretaz begira egongo bagina bezala, emozioak geure artean banatuz, hauek naturaltasun osoz adierazi ahal izateko. Egia dela, neure buruari galdetzen diot gu ohartu behar garen hori zer ote den, eta delako hori egonda, ohartu ahal izatea bilatzen dugun. Edota, aitzitik, askotan ez dugun begiratzeko nahirik, ez baitakigu nola behatu behar dugun ala nora so egiten ari garen. Halaber, kezkatu egiten nau depresioari buruz argi eta garbi ezin hitz egiteak, horrek desagerraraziko duelakoan. Horren ondorioa, dauzkagun arazoak norberak ezkutatzea dugu, ostera. Guztiok egiten dugun hori, alegia.

Bestalde, orokorrean erabilgarri ditugun beste baieztapenetako batzuk “badiote ez zegoela oso sano” edo “buruko arazoren bat izan omen zuen” dira. Dirudienez, bere osasun mentalari buruz hitz egitearekin gertatutakoa justifikatuta dago, noski, pertsona ez zegoelako ondo dagoeneko. Hau da, pertsona bat sano ez dagoenean, aski normala da berak bizi nahi ez izatea. Jakina! Ohikoena da buruko gaixotasun bat duen gutxiengo bat hain ezberdin sentitzea, non gaur egungo sekulako mundu inklusibo honetan geratu nahi ez duen. Gainerako pertsonok aldiz, gehiengoa, egunerokotasunean izugarri zoriontsuak baikara. Ezta? Egia esateko, buruko osasuna ez lehenesteak kezkatzen nau, bai beharrezko arretarik ez dagoelako baita nahitaez hain normala izan beharko lukeen zerbait estigmatizatuta jarraitzen duelako ere. Honek arazoa estrukturala bihurtzen du, gizarteari begira. 

Horrez gain, “zergatik ez zuen laguntza eskatu?” bezalako ageriko esaldia komentatzea ere bururatzen zaigu. Horrekin nahikoa ez balitz, hurrengoa esatea ere: «Laguntza eskatu behar izango zuen!». Nola ez! Gu geu ondo sentitzen ez garenean laguntza eskatzea geure lehenengo aukera da beti. Izan ere, ia inoiz ez gara isiltzen arazo edo ondoezak direla eta, horiek normaltasun osoz adieraziz eta partekatuz. Gainera, besteengandik jasotzen dugun baita geure kabuz besteen arazoei eskaintzen diegun harrera, ulermena eta laguntza ere bikainekoa dugu. Beraz, irakurle, egiten dizudan galdera honakoa da: zuk zer egingo zenuke norbaitek laguntza eskatuko balizu? Zer egingo zenuke norbaitek bere buruaz beste egin nahi duela esango balizu? Hobeto esanda, zer egingo zenuke mundutik desagertzea edo bizitza kentzea burutik pasako balitzaizu? Isiltasuna. Isilune soziala. Zinez kezkatu egiten nau pertsona baten bizitzarekin zuzenean lotutako ezertaz hitz egiteko gai ez izatea. Barkatuko didazue, baina zerk dauka bizitzarekiko lotura gehiago, heriotzak baino.  

Egunen batean denok hilko gara, nahi ez badugu ere. Baina bizitzarekin bukatu nahi izatea beste kontu bat da. Une horretan bertan egon bazara, nahiz eta denbora gutxiz, zertaz ari naizen biziki ondo dakizu. Bakardadeari buruz ari naiz, larritasunaz, antsietateaz, etsipenaz, amorruaz, izugarrizko hutsune bati buruz ari naiz guztiz. Gauza ez da bizi nahi ez izatea, baizik eta modu horretan bizitzen jarraitu nahi ez izatea. Jendeak ondo gaudenean bakarrik maite gaituen gizarte batean non tristura, mina eta heriotzari buruz mintzatzeko lekurik ez dagoen. Hori bera errealitatea delako eta errealitatea bera deserosoa delako. Hainbesterainoko deserosotasuna, emozio "desatsegin" edo "negatibo" horiekin guztiekin egiten duguna erreprimitzea baita, estali, hemen ez daudela itxuratu, hemen bertan jarraitu ahal izateko. Izan ere, geure egoera, emozioak eta geure burua ezin badugu erakutsi, existitzeari uzten diogu. Gu geu ezkutaturik geratzeko. Arraioa! Hainbesteko gizarte deskonexio honengatik kezkatuta nago.

Ondorioz, isolatzea dugu aukera, alde egitea, ez baitago lekurik garen bezalakoak eta momentu horretan sentitzen dugunarekin adierazteko. Errazagoa dugu, beraz, aingurarik gabe nabigatzea, geure buruari entzun gabe, geure buruari buruz pentsatu gabe. Hala, errealitate gordinena desagerraraziko bagenu bezala, egunerokotasunaren inauterietan eta maskaretan geure burua desagerraraziko bagenu bezala. Alabaina, nola demontre egin dezakegu suizidioaren prebentzio ona, ondoezetan laguntzen ere ez badakigu eta etengabe deskonektatuta bizi bagara? Nola jakin dezakegu benetan behar gaituenarekin geratzen, geurekin ere geratzen ez bagara? Zaila da benetakoa agertzen saiatzea non ondo bagaude bakarrik existitzen garen. Gainerakoak bakean uzten baditugu eta besteei gure arazoekin molestatzen ez badiegu bakarrik lekua baitaukazun horretan. Estalketa on bat beharrezkoa dugu. Haatik, harritu egiten gara norbaitek bere bizitza kentzeko erabakia hartu duenean, nahiz eta inork ez dakigun nola egon horren aurretik. Gehienetan, hor egotearekin eta horri guztiari leku bat ematearekin, horri buruz hitz egitearekin, entzutearekin eta balioztatzearekin nahikoa da. Hor egotea eta kito, hain erraza izango balitz bezala. Gu geu ondo ez gaudenean geuretzat egotearekin hasi beharko dugu. Alegia, geure burua zaintzen eta horri buruz ikasteko zain dagoen zeregin horretan ikasi beharko dugu.

Halarik ere, bizitza den ibilbide luzeko lasterketa honetan ez gara geratzen, ez gaude, ez dugu denborarik, batzuetan ez geuretzat ere. Baina, zer gertatzen da ezberdinak sentitzen garenean? Hara! Zu al zara gehienen berdina ala? Orduan, benetakoak bagara eta gu geu adierazteko ausartzen bagara, jendeak ezin du errealitate hori jasan, askotan ezin baitugu geure errealitate bera jasan, besterik gabe. Beraz, ihes egiten ikasi dugu aurrera jarraitzeko. Horrek ez du ezertan laguntzen geure burua desberdin erakutsi ahal izateko. Gutxiago ere gaizki, tristezia edota bestelako emozio debekatuekin sentitzen bagara eta hori ondo egon dadin, normaltasunez hartuz . Hori dela, desberdina izatearen eta triste egotearen gauzarik txarrena zera da, jendeak gu desberdin ez bagina eta triste ez bageunde bezala jokatzea nahi duela. Horixe da benetako suizidio soziala eta, beraz, erantzukizun soziala. Izan ere, pertsona ezberdinontzat lekua egon behar den eta guztion ardura den gizarte honetan, inoiz baino gehiago borrokatu behar dugu guztiontzat lekua egon dadin, salbuespenik gabe. Horregatik, suizidio bakoitza ez da zerbait pertsonala, porrot sozial hutsa baizik. Entzuten ez dagoen eta beste aldera begiratzen duen gizartea. Horrela bada, har dezagun behingoz ardura honakoa bizitzeko espazio atseginagoa bilakatzeko, guztiok batera baikaude bizitzearen borroka honetan.

Hau guztia esanda, irakurle, une txar bat pasatzen ari bazara, gogorarazi nahi dizut estu besarkatzen zaitudala. Lasai, ondo dago horrela sentitzea, ez zara bakarra eta ez duzu desberdin sentitu behar. Laguntza eskatu, eskatzeagatik ez baitzara ahula; zure burua erakusteagatik ausarta baizik. Dagoeneko gizarte indibidualista honetan, laguntza eskatzerakoan ausardia ikaragarria dago. Alabaina, saiatu zaitez maitasunezko erantzuna emango dizuten pertsonei edo trebatutako profesionalei laguntza eskatzen. Eman zaitez beste modu batean bizitzeko aukera! Gainerako guztioi gogorarazi ere, tristuraz hitz egiteari ekitea, konponbidea ez dela beti izan behar parranda botatzea edota irribarre egitea. Saiatu gaitezen gizatasun handiagoz bizitzen, geure burua hobeto zaintzeko, era berean besteona zainduz. Mesedez, oso garrantzitsua da ez erabiltzea "animatu zaitez!" edo "beti triste zaude!" bezalako mezurik, horrek ez baitu ezertarako balio. Bukatzeko, baliteke, ondo ez gaudenean seinale asko bidaltzea besteei. Nork daki! Beharbada geure emozioei sentitu eta erakutsi ahal izateko aukera emango bagenie, nork bere buruarekin hasita, ez litzateke beharrezkoa izango arrasto horiek bidaltzea edo bilatzea. Hona hemen benetako prebentzioa eta erronka gizarte gisa. Hona hemen gure erronka.

Baliabideen telefono zenbakiak:

  • Larrialdiak: 122 (suizidio saiakerei erantzuna)
  • Ospitalea: 848 422 222 (suizidio saiakeretarako protokolo eta jarraipen berezia).
  • Itxaropenaren telefonoa: 948243040/902500002 (entzuten eta laguntzen duten boluntarioak).
  • Haur eta nerabeentzako laguntza: 116 111 (laguntza telefonoa) eta 917 262 700 (ANAR).
  • Jokabide suizidarako telefonoa: 024 (estatu mailan).