Astekoa

Gizarte erronka: indarkeria

Hilabete barru dugu genero indarkeria gogoratzeko eguna. Ordea, ez al genuke indarkeria lehenago ulertu beharko? Hona hemen definizioa: "pertsona edo talde baten aurka indarra edo boterea nahita ala mehatxuz erabiltzea, lesioa, heriotza, kalte psikologikoa, nahastea edo gabezia eragiteko gaitasunaz". 

Has gaitezen "indarra edo boterea nahita erabiltzea"-rekin. Ba al dakigu noiz erabiltzen dugun boterea ala indarra? Are gehiago, jakitun al gara norbaiten gaineko gure botereaz? Askotan, onarpena jasotzen duen talde sozial batean egotearen zorteagatik gozatzen dugu horretaz. Posizio hori ondo erabiltzen al dugu? Azken batean, arrakasta neurritzat duen gizarte batean, edozer egiteko gai gara besteen azpitik ez sentitzearren, indarkeriaz gozatuz. Has gaitezen bada okupatzen dugun lekuaz jabetzen, geure ekintzen ardura hartuz. 

Ondoren, "pertsona edo talde baten kontra" atala dugu. Ezberdintasunak, gure lekua duinagoa dela pentsatzeak, ala biktima izateagatik egiarekin sentitzeak baimena ematen digu besteak erasotzeko. Halere, zaila da bakea defendatzea indarkeriarekin borrokatuz, botere postuari uko egin gabe. Izan ere, indarkeriak gauzatzeko justifikazioren bat aurkitzen du beti, lekua mantendu zein berria lortzeko bada ere. Agian arauak aldatu beharko genituzke, erabiltzeari uztera eta elkarrizketan aritzera ausartuz. Aldaketari beldurrik ezean, entzuteari ekin. Benetako erronka da bakea eraikitzea indarkeriak ordena ezartzen duen gizartean. Desordena nahiago dut, maitasun gehiagoz eta errespetu osoz.