Kolaborazioa

Gizarte erronka: elikadura nahasteak. Gorputzarekin bakea berreskuratuz

Azaroaren 30a elikadura nahasteak ikusgai jartzen dituen eguna dugu. Hauxe, ezezaguna bezain ohikoa den gaixotasuna. Beharbada, oraindik ere gizartearen eskutik estigma eta ezjakintasun gehiegi jasotzen du, geure ikuspuntua aztertzea interesgarria bihurtuz. Azken urteotan, kaltetutako pertsonen kopuruak gora egin du, geroz eta adin txikiagoetan agertuz, ohikoena 12 eta 25 urte bitarteko emakumeak izanik. Dena den, genero identitate, gorputz, adin, arraza edo klase sozial mota guztiei eragiten dien arazoa da, beharren ratioa irekitzea beharrezkoa delarik. Hau horrela, zaila da honako gaitzaren eraginen datu zehatzetara iristea. Hala da bai ezjakintasunagatik, lotsagatik, ez onartzeagatik baita tratamendu bat eskuratzeko zailtasunagatik ere, azkeneko hau gehienetan ez baita existitzen edo ordaintzea ezinezkoa delako. Guzti honen gorabeheran, gogoratu nahiko nuke heriotza tasa handiena duen buruko gaixotasuna dela. Jendea honengatik hil egiten da; berriz esango dut: hil. Autosuntsiketa bidaia honetan, ordea, gizarteak badu bere protagonismoa. Badaukagu, bada, gure ardura.

Lehenik, garrantzitsua iruditzen zait gaixotasun mentala dela aitortzea. Hau da, buruarekin zerikusi handia duen gaixotasuna. Aldiz, elikadura nahasteei buruz aritzean gorputzari buruz hitz egin gabe ezin gaitezke ibili, hauek pisuan, gorputz irudian eta elikaduran arreta jartzea baitute ezaugarri, elikadura jokabide arriskutsuak eraginez. Orokorrean pentsatzen ohi dugu, errealitatetik urrun, pisu gutxiko pertsonek bakarrik dutela elikadura nahasteren bat eta pisua berreskuratzeak sendatzea dakarrela. Hala, pisua irabazterakoan "hobe ikusten zaitut" ala "ez zaude hain gaizki!" motako mezuak bidaltzen ditugu, pisu normatiboa osasuntsutzat hartuz. Aldi berean, guztioi zeharkatzen gaituen gizenfobiak, ikusten ditugun gorputz irudien arabera iritzia ematera eta batez ere epaitzera garamatza, hau bera osasun egoerarekin nahastuz. Akats larria honakoa, arazo hauen diagnostikoa atzeratzea eta pisura bideratutako tratamenduak eskaintzea eragiten duena. Horrek adabakia jartzen dio arazoari, sendatzeari ekin ordez.

Nire irudiz, ordua dugu elikadura nahasteekin harrituta gelditzeari uzteko baita sufritzen dutenei errua botatzea eteteko ere. Dirudienez, gainerakoek, sano gaudenok, geure gorputza onartzen dugu, ez dugu etengabe aldatu nahi edo, are gehiago, ez ditugu gainerakoen gorputzak epaitzen, ezta? Ez da kasualitatea gorputzarekiko arazo mota hauek sortzea, gorputzaren kontrola arrakastaren sinonimo duen mundu batean bizi garen heinean. Batez ere emakumeotan, baita gizonezkoetan ere badago gorputzarekiko ardura. Gaur egun, sare sozial, webgune eta profil ugarik edertasun estandarrak lortzeko jokabideak bermatzeari eta irakasteari ekiten diote, gu geu guzti hauetaz elikatuz. Hauek, era berean, osasun fisiko, emozional eta mentalarekin kontraesanean daude. Hausnartu dezagun egunero geure gorputzari zuzenduta jasotzen ditugun mezuei buruz, denak asegabetasunera eta aldaketara bideratuak: "lortu zure gorputz ideala!", "jantzi ezazu bikini irudia udara honetan!", "Gabonetan, ez zaitez turroiarekin soberan ibili!", "badakizu, gehiegi jaten baduzu, erre ezazu", "aizu, ez hainbeste jan!" edo "tripatxoa atera zaizu, motel!". Aipatzekoak ere oso modan dauden helburu fisikoak dituzten dieta murriztaileak, asteburuan bazkari librea eskaintzen dutenak, hau da, betekada bat. Baita tarteka proposatzen diren baraualdiak ere, jende guztiaren eskura. Baina, aizu, betekada, baraualdiak eta janari murrizketena ez al da elikadura nahasteak dituztenen kontua soilik? Gainera, zer mezu bidaltzen ditugu edo nola pentsatzen dugu besteen gorputzez? Gehienetan osasuna pisuarekin nahasten dugu, gorputzak berak eskatzen dizkigun beharrak entzun eta norbere zaintzarako jarraibide egokiak jasotzetik urrun. Gorputz bakoitza mundu bat da, gure mundua. Berriz ere, ez diogu geure buruari entzuten eta gure helburuak kanpora bideratuz bizi gara onarpen sozial horren bila, erronka pertsonal bihurtuta.

Bigarrenik, aipatzekoa da elikadura nahasteak depresioarekin edo haurtzaroko traumekin duen harremana, ondorio fisiologikoen zerrenda luzeaz gain: bihotz, giltzurrun, zirkulazio, digestio eta hezur arazoak, besteak beste. Haatik, ahazten diren osasun arazoak, "gazte eta argala: osasuntsu" motako esaldiekin estaliz. Dena den, pisua ez da larritasunaren seinale bakarra, horren atzean arazo gehiago egon daitezkeelako. Horregatik, tratamendua etengabe berrikusketan dabil, batzuk psikologikoki beste batzuk pisua oinarri duten zaintza fisikotik, oraindik guztiz asmatu gabe. Nafarroan adibidez, ez dago arreta espezializaturako zentro publikorik, Elikadura Nahasketen Unitatea (UTCA) duela gutxi itxi dutelarik. Zer esanik ez pribatuei buruz, biztanleriaren talde txiki batzuentzat direlarik. Tratamendu berezituen premiazko beharra aldarrikatu nahiko nuke, edonoren esku, arazoaren etengabeko gorakada ikusita.
 Hala, kaltetuak bere bizitza zein familiarena desegiten duen autosuntsiketa batean murgilduta dagoela, gaixo dagoena erantzule egiten jarraitzen dugu, beste aldera begiratuz. Aldiz, gaixotasunari aurre egiteko, baita ondoan jarraitzeko ere balio izugarria behar da, ikusi dugun baliabide faltarekin. Familiei aipamen berezia egin nahi diet, gehienetan epaituak eta errudun bihurtuak. Batez ere amak. Zuk hobeto egingo al zenuke ala? Hortxe egotea ez da batere erraza.

Bukatzeko, esan gorputza negozio bihurtu dela. Ezinezko kanon batera iristeak etengabeko frustrazioan gaitu, aldi berean berehalako plazerez asetzen gaituztelarik. Gorputzen onarpenetik urrun, gorputzaren etengabeko arbuioaz elikatzen gara. Zuk zer ikusten duzu ispiluan begiratzen zarenean? Zer esaten diozu zeure buruari gorputzari buruz? Hauxe dugu hazitegia eta arazo hauen sorrerari eusten dion oinarri soziala, honek gizarte erantzukizun osoa eskatuz. Geure ardura. Geure gorputzarekiko harreman eta besteen gorputzarekiko errespetutik hasita, guztiontzako tratamendu aukera duinarekin bukatuz. Zeren, sendatzearen lagunik handiena norberarekiko gupida baita. Horretarako, espazio seguruak diren eta epaiketatik at dauden laguntza sareak sortzea beharrezkoa dugu, berreskurapen positibora begira. Nire ustez, gizarte gisa bide luzea dugu egiteko. Indibidualki ere hastea tokatzen zaigu, norbere gorputzera noranzkoa berreskuratuz:

Nire gorputzari, emeki, esan nion: "Zure laguna izan nahi dut".
Arnasa sakon hartu eta erantzun zuen: «Bizitza osoa daramat honen zain».
-Sonya Renee Taylor-