Astekoa

Maitasuna

Otsaila, maitasunaren hilabetea dugu. Gabonetako gozo eta apaingarrietatik atera berri garelarik, bat-batean, denda guztiak bihotzez eta bonboiez janzten dira. Ahalegin horrekin guztiarekin, ezinezkoa zaigu egun horretatik kanpo bizitzea: otsailak 14, San Valentin eguna, maiteminduen eguna. Noski, bikotekidea badaukazu. Alabaina, bikotekidea edukitzeak maitemindurik egotea esan nahi al du? Galdera ona honakoa. Are gehiago, zer gertatzen da bikotekiderik ez badaukazu? Ez al duzu jada maitasunaz gozatzen? Edozer gauza negozio bihurtzen dugun gizarte honetan, badirudi maitasunarentzat egun bat oroigarri jartzearekin nahikoa dugula. Honi esker, agian, ez zaigu maitatzearena ahaztuko. 

Halaz ere, zer demontre da maitasuna? Nire irudira, egun bateko kontuaz ala bikotekidea edukitzeaz soilik hitz egitea eskas xamar geratzen da. Amodioaren erruz jaiotzen gara gehienok eta horri esker bizirik irauten dugu. Hasieran amarenganako elkarrekiko sentimendua, pixkanaka beste erlazioetara hedatuz. Amodioaren bidez erlazionatzen gara, hori bera bilatuz besteengan, zerbaiten parte sentitzearren. Maitasunak eraikitzeko eta elkartzeko indarra dauka. Gure bizitzako sua pizten duen egurra, familia edo bikotekideaz gain, lagunak eta animaliak dira. Ondoz ondoko kontaktu, elkar entzute eta  zainketa bermatuz, azkenik, geure egunerokotasunari zentzua emanez. Gure bakardadearekiko aterpe.

Ezinezkoa dugu, bada, maitasunari egun soil bateko espazioa eman, honen bila guztiok gabiltzalarik. Azken batean, gure bizitzako helburua, maitaturik sentitzea baino ez da.