Astekoa

Emakume maitea

Aurreko astean albiste gogorra jaso nuen: hurbileko emakume batek bizia kendu zuen. Emakumearen egunaren ondoren, zehazki. Ni neu emakumea naiz. Ama eta ahizpa emakumeak ditut, nire eguneroko erlazioen erdia baino gehiago bezala. Bera ere, emakumea zen. Egunerokotasunean leku batengatik borrokatzen duen hainbestetako bat.

Nire inguruko emakumeen istorioa entzutea gustuko dut: gehiegizko mina eta indarra, jasan eta eman beharra, baita nekea ere. Emakumea izanda, irizpen handiagoa jasotzen dugu orokorrean. Baita besteei gorputzez eta arimaz emateko presio nabariago bat ere. Ala hau bete ezean, zigorra jasotzeko. Gaixo egonez gero, sinesgaiztasun handiagoa. Bortxatuak izan bagara, ordea, zalantza eta errua agertzen dira beti. 

Isildu, eutsi eta ardura hartzea tokatzen zaigu. Egiten dugunaren eta egiten digutenaren errua jaso. Fisikoki ala emozionalki gaizki tratatuak izanda ere, sentituko dugun gauza bakarra beldurra da. Izan ere, seguru sentitzeko, borroka egin beharko dugu, kendu diguten lekua irabazteko. Okupatzeko eskubidea izan beharko genukeen leku hori. Aurrera egin eta aske izaten saiatu nahi badugu, frustrazioa, oztopo guztietatik libratu nahian, gainontzekoek guri buruzko iritzia ematen dutelarik. Isildu, eutsi eta zainketan jarraitu. 

Gizarteak ez digu bidea errazten. Horregatik bada, hemen jarraitu behar dugu, ahotsa jarriz eta gure espazioa eskatuz. Guregatik, zuregatik. Zure bukaerarainoko borrokagatik. Nik hemen jarraitzea erabaki dut eta zu ere, emakume, geratzea nahi dut. Zuregatik, guztiongatik.