Maiatzean sartuak gara eta amaren eguna lehenengo asteburuan kokaturik dugu. Hortxe, langileon egunaren ondoren. Amen lana, lantzat ikusiko ez bagenu bezala. Nire irudiz, bederatzi hilabete inguru sabelean eramateak, sekulako meritua dauka. Gorputz aldaketak, beste bizitza baten ardura izatea eta azkenik, erditzea. Horiek guztiak ez badira lanak, zer nolako balioa dauka ama izateak?
Galdera ona. Zenbaterainoko balorea ematen dio norberak bere amari? Ama, gu jaio baino lehen jada, gure zainketaz arduratzen da guztiz. Bere gorputza osotara eskaintzen du, gu existitu ahal izateko. Ez dakit honetaz guztiz kontziente garen, amatasuna oraindik betebehartzat ikusten den gizarte honetan. Alegia, ez dizute honengatik inolako saririk emango. Ordea, emakumea bazara eta ama ez izatea erabakitzekotan, bai, zigor leun eta ziurra jaso dezakezu. Are gehiago, aitekin konparatzen badugu, beraiek edozergatik sarituak direlarik, baita denagatik barkatuak izan ere. Hainbesteraino, zein seme-alabek arazoren bat edukitzekotan, errua amarengan uztea den ohikoena.
Ai ama, amatxo maitea. Zelako lana zurea. Hain epaitua eta zenbat eskertu beharra. Bizitza ematen diguna. Gure bizitzagatik berea emateko prest dagoena. Zuk zeure bizitzaz gozatzea ere nahiko nuke, ama izatetik emakume izatera. Ama izatetik aske, nahi duzuna izatera. Izan zarenagatik esker mila eta ezin izan duzunaz barkatua. Beste batengatik utzitako zure bizitza berreskuratzeko eskubidea izatea nahiko nuke. Zu zeu izateko eta zaintzeko eskubidea. Hori bai zuretzako oparia!