Astekoa

Azkenik, uda

Denbora geroz eta lasterrago pasatzen denaren  sentsazioa daukat azken urteotan. Dagoeneko, udaren usaimena nabaritzen dut. Tenperaturaren igoera, eguzkiaren presentzia ala urarekiko ezjakintasuna. Baita arropa aldaketa, gorputzarekiko ardura edota oporren erabakia ere. Dena batera, bai munduarekiko bai geure buruarekiko kezka, nahasketa polita datorkiguna.

Batetik, aldaketa klimatikoa, urtetik urtera nabariagoa dena. Tenperatura altuek arriskuan jartzen dute bizitza eta uraren presentzia. Ura, orain arte geure ingurunean oparotasunez jasotakoa, azken urteotan honen gabeziaren seinalea jaso dugu. Aldaketak, geure erosotasunean geunden bitartean, eta hauei egokitu beharra. Gai izango al gara, ura denon artean elkarbanatzen, geure ipurtzuloari begiratu ordez?

Bestetik, beroarekin arropa ezberdinak janzteko beharra datorkigu. Bainu jantzia, gonak, praka eta kamiseta motzak. Horiek guztiak, geure gorputza gehiago erakusten dutelarik. Noski, horrek dakarren gorputz perfektua edukitzeko presioa nabari dugu ekaina hasita. Bat batean, guztiok hasten gara elikadura zaintzen ala kirola egiten, urtarriletik proposatu eta hasi ez dugun guzti hori. 

Zer esanik ez oporrei buruz, geroz eta urrunago ala garestiago izan behar direlarik. Gaur egun, murgildurik gauden nahaste ekonomiko honetan egonda, familia gehienok nahiko dugu hilabete bukaerara ailegatzeko gai izatearekin.

Hala, erotasun honekin guztiarekin, zorioneko uda opa dizuet. Gorputzaz disfrutatu, uraz gozatu, eta natura errespetatzen saiatu. Bakoitzak ahal duen lekutik, uda bizi.