Astekoa

Osasun Mentalaren inguruko ñabardurak

Urriaren 10ean Osasun Mentalaren Eguna ospatuko da. Gero eta gehiago hitz egiten da osasun mentalari buruz. Bai komunikabideetan, bai sare sozialetan ere, gero eta ohikoagoa da osasun mentalari buruzko informazioa agertzea. Dena den, ba al dakigu zeri buruz ari garen Adimen Osasuna aipatzen dugunean? Dirudien bezain agerikoa al da? 

Osasunaren Mundu Erakundearen (OME) arabera, "Osasun mentala ongizate estatu bat da, eta bertan pertsonak bere gaitasunak garatzen ditu eta bizitzako ohiko estresari aurre egin diezaioke, modu produktiboan lan egin dezake eta bere komunitateari lagundu". Argi dago, ordea, gaur egun oso jende gutxi arduratzen dela bere gaitasun mentala garatzeaz. Gaitasun fisikoa, bai, pertsona askok ariketa fisikoa egiten baitute hura lantzeko.

Baina, ba al dugu gure osasun mentala garatzeko baliabiderik? Irakurketa, bizitzari aurre egiteko tresnak eta  hausnarketa landu beharrean edota laguntza eskatu beharrean, nahiago dugu kaña bat hartu, aurreko guztiak alde batera utzita. Alkohola, gainera, oso onartua dago gure gizartean. 

Era berean, norberaren ezaugarri sozialak zailtasun bihurtu daitezke osasun mentala lantzeko orduan. Generoari dagokionez,  gizonezkoek zailtasun gehiago dituzte gaiari heltzeko. Emakumezkook, berriz, gertukoen osasunari begira bizi gara gehienetan. Klase soziala erabakigarria da osasun mentaleko arazoei aurre egingo badiegu, osasun sistema publikoak gabezia handiak baititu arlo horretan. Zer esanik ez, euren orientazio sexuala edo arraza dela-eta bazterkeria jasotzen dutenen kasuan, horiek nahikoa lan izaten dute gizartean leku bat lortzen. 

Hortaz, oraindik lan asko dugu egiteko. Guztion osasun mentalerako eskubidea bermatzeko, dibertsitatea dutenengana ailegatu behar baikara aurretik.