Berriki genero indarkeriaren aurkako eguna ospatu dugu. Azken boladan asko entzun dugu honi buruz, tamalez, baita arazo soziala den honentzat proposatutako ebazpen judizialaren inguruan ere. Zigorrak gehitu ala gutxitu, horrek soluzioa ekarriko balu. Alabaina, lortzen al dute kartzela zigorrek indarkeriaren jaitsiera?
Batetik, jendea kartzelaratze horrek arazoa banakatzen du, ezin baitugu ahaztu genero indarkeria sozialki ezarritako arauez hornitzen dela. Ala, ez al dute gizonezko horiek gizartean jasotako ikasketak martxan jartzen baino ez? Gainera, arintasunez egindako epaiketa horrek kartzelaren ondorioetatik urruntzen gaitu, preso nahiz familiarentzako sufrimendua alde batera utziz. Beldurrezko urruntasun emozionala eta gizatasun galtze prozesua honakoa.
Bestetik, zer gertatzen da biktimekin? Sistema judizialaren jokaerak emakumeak gainbabestu, biktimizatu eta baliogabetzen ditu. Are gehiago, ez ditu hauek entzuten. Norbaitek galdetu al dio emakumeren bati zer behar duen halako egoeran? Gehiengoa ez dago konforme erasotzaileen pena handitzearekin ezta salaketarekin ere, baizik eta hauek indarkeria berriro ez erabiltzearekin. Akaso ahaztu al zaigu biktimak laguntzea dela helburua?
Azkenik, kartzela penei buruz baino ez da hitz egiten honi irteera bilatzean. Ez, ordea, prebentzio edo hezkuntzari buruz. Ezta birgizarteratzerako aproposa den justizia lehengoratzailearen inguruan ere. Beraz, zein litzateke komunitateak konpondu eta eraldatzeko bidea, feminismoaren ezerosotasunaren bitartez?