Azkenaldian gai batek haserretzen hasi nau. Elkarrekin bizitzerakoan, gizartean barrena dauden arauek irentsi egiten gaituzte, edonori balioa errez eman ala kenduz. Leku bat eman zein kentzen diguten arauak. Hobe esanda, guk geuk arau horiek geureak egin eta martxan jartzen ditugu, joko makabro honen partaidetzat. Bestearen tokia erabakitzeak, nirea adieraziko balu bezala, denbora baterako nire burua salbu utziz.
Horiek horrela, inklusioaz ari garenean, hitza gustatzen omen zaigu. Ordea norbait sartzeko saiatu behar bagara, kanpoan dagoela jabetu beharko ginateke. Horrela gertatzen da normala ez den beste horrekin, normaltasun horren konstrukzioa guztion ardura delarik. Hala gertatzen da homosexualarekin, mairuarekin, beltzarekin, ijitoarekin, yonkiarekin, pobrearekin, trans ala genero ez-bitarrarekin, gizenarekin, itsusiarekin, ezgaituarekin, sexu langilearekin, bakarrik bizi, bikotekiderik ez, baita kuadrillarik ez duenarekin edo beste askorekin. Zer demontre da normaltasuna?
Gizarteak balio txikiagoa dutela erabaki duen ezaugarriarekin jaio izanagatik, balio hori izateari uzten diogu pertsonok. Gure artean bereiziz, botere bat lortzeko helburuarekin, besteen gainetik. Sozialki ordena bati eusten dion boterea, noski. Nork bere burua salbatzera! Zapaldu behar bada, zapaldu. Baztertu behar bada, baztertu. Izan ere, ea nor den kanpoan geratzen den ausarta!
Azken batean, denok nahi dugu onartuak izatea. Edo baztertuta ez sentitzea, gauza bera baita. Kosta ala kosta, nire nortasuna bera sakrifikatu arren.