Urtebetetze egunak, bat batean, egun garrantzitsu batean bihurtu dira. Hainbesteraino non egun horretan zoriontsu egotea derrigorrezkoa omen da, baita besteon "zer plan daukazu egun horretarako?" bezalako galderarentzat erantzuna edukitzea ere. Zer esanik ez, zure eguna den horretan, besteok zu garrantzitsua zarenaren islatze hori, gezurrez jantzita badago ere. Orduan, guztiek jakin behar dute data horren esanahia, baita zoriondu ere. Eta horretarako ondo bermatzen dugu besteok jakin dezaten, nahiz eta beste horiei sekula ez axola.
Gauzak horrela, egun horretan bada ere, asetzen gaituen atentzio faltsu batez hornitzen gara. Azken batean, egunerokotasunaren bakardade ala hutsuneaz zertxobait urruntzekotan, geure urteko egun bakar batean jartzen dugu pisua. Aldiz, ez al zen izango zentzuzkoagoa geure urteko egun guztietan garrantzia jartzea? Akaso geure bizitza ospatzeko egun horretaraino itxaron behar al dugu? Baita, besteon erantzunarekiko, egun horretan zutaz gogoratzeak ala ez, hainbesterainoko garrantzia al dauka? Hona hemen geure erlazionatzeko modua.
Aizue, egun bakarra da, faktore eta kasualitatez beterikoa, hainbesterainoko pisua jasotzeko. Ez zait bidezkoa iruditzen nire urtea egun horrek eutsi dezakeen balioan laburtzea. Azken batean, uste dut nik neure buruaz egunero gogoratu eta ez ahaztearekin konformatzen naizela. Baita, hain garrantzitsua ez naizen urteko beste egun horietan nire ondoan jarraitzen duten pertsonak ondoan egotearekin ere. Horiek bai direla nire urtearen benetako zorionak.