Berriz ere, uda. Eta berarekin gorputzaren zainketa. Geroz eta hurbilago eguzkia, are hurbilago gorputzarekiko ardura. Beroarekin arropa gutxiago erabili ala bainatzeko aukera datorkigu. Dirudienez, zoragarria, hau guztia presio gordina izango ez balitz, noski.
Badirudi, urte osoko ezkutatze horren ondoren, gorputza argira atera behar dugula. Eta gorputz hori perfektu egon behar dela, bat batean. "Perfektu" hitzaren ezaugarriak konkretu xamarrak direlarik, ordea. Gorputzaren irudi berak, geure balioa adieraziko balu bezala, geure arrakasta puntua. Hara zoramena. Gainera, geure gorputzarekin liskarrean ibiltzen garen heinean, gainontzekoek ere hauxe bera gogorarazteko adierazpena dakarte "hara nola loditu zaren!" edota "ze guapo/a zauden!" komentarioekin. Inuzenteak diruditenak, aldiz, begirunerik gabekoak beti.
Edonoren gorputzei buruz hitz egiteko erabiltzen dugun normaltasunak haserretzen nau. Hor aurrean geure gorputza egoteak eta existitze hutsak horretarako eskubidea emango baligu bezala, osasunaren izenean, osasunetik oso urrun noski. Pentsatzekoa honakoa. Gorputzari esker bizi gara, baina ez fisikoari esker, baizik eta bere funtzionamenduari esker, bere osasunari esker. Ekin diezagun honi buruz pentsatzeari. Agian zorte pixka batekin, mundu bizigarriago bat eraikitzen dugu gorputz guztiendako. Non, daukagun gorputza daukagula, honen aldaketak naturaltasunez onartuz, balio bera dugularik besteekiko. Non, honek ez digun gizartean lekurik emango.
Goazen gorputzen askatasunarekin elkarlanean jartzera!