Astekoa

Komunak

Komun hitzaren definizio desberdinak daude, baina hau hartuko dut: "Komun: etxe eta leku publiko askotan egoten den gela, behar fisiologikoak asetzeko".

Definizioak azaltzen duen bezala beharrak asetzeko leku bat da, baina beti ere ez da publikoa, etxetik kanpo direnak gehienetan pribatuak izaten dira. Orokorrean sartu baino lehen bi ate egoten dira eta hauetan ateak desberdintzeko marka bereizgarri bat egoten da. Marka horiek, batzuetan pertsona bat soineko batekin irudikatzen dute, beste batzuetan bi hankekin. Besteetan "Bla,bla,bla,bla" ate batean eta "bla" bestean. 

Kafetegi batean lan egiten dut nik eta bertako komuneko ateetan ez da ezer ageri. Komunera joaterakoan parez pare dagoena komun handia da. Honek leiho zabal bat du, komun zuloa eta fardelak aldatzeko altzari bat. Txikiak berriz, ez du leihorik, argi artifiziala du eta komun zuloa nahiko justu sartzen da.

Kafetegian ordu asko ematen ditut eta harritzen nau gizon eta emakumeak komun desberdinetara sartzen direnean. Gizonek komun txikia aukeratzen dute gehienetan, eta emakumeei berriz berdin zaie nora sartu. Zergatik izango da? Akaso fardel altzairua ikusi eta ez dira interpelatuak sentitzen? Auskalo.

Bitartasun honen barnean identifikatuta senti gaitezke, marka batekin edo bestearekin, baina badakigu nora sartu pixa egitera. Bitartean, etxetik kanpo komuna erabiltzea infernu bat izan daitekeen pertsonak daude. Jabetu gaitezen gure pribilegioez eta desjabetu ditzagun komunak.