Astekoa

Merke-aldiak

Gabonak, kontsumismoaren urteko puntu gorenena urruti ikusten dugu jada, baina hiru aste besterik ez dira pasa. Emozioz beteriko egunak izaten dira: janari infinitua duten bazkari edota afariak, ordu txikitan hitz egindako elkarrizketak, edandako trago luzeak eta nola ez, opariak ere protagonistak dira egun hauetan.

Gabonak atzean utzita errutinara bueltatzeko unea iristen da. Urteko proposamen berriak gauzatzen hasi eta berriz martxa hartzeko ordua. Eta nola aurre egin urtarrileko aldapa honi? Kapitalismoak badu guztiarendako erantzuna: merkealdiak. Azken asteetako gastuak gutxi izan balira bezala, orain, merkealdiak probesteko unea da. Nahi duzun arropa, etxeko traste, bidaia... erosteko aukera paregabea.

Badirudi Gabonak pasata etenaldi bat egingo dugula gure kontsumoan, Olentzeroren bisitaren ondoren batez ere. Baina merkealdiak iritsi dira eta kontsumitzen jarraitzen dugu, etengabe. Aplikazio bat deskargatu, gustukoen duzun praka aukeratu eta erosi. Prakaren tela nolakoa den jakin gabe, neurria hori ongi datorkizun ala ez jakin gabe eta, jakina, kolorea ere, mugikorreko pantailan agertzen denaren antzekoa izango denaren esperantzarekin iritsiko da zure eskuetara.

Gainera, praka etxera iritsiko zaizu, inongo esfortzurik gabe. Tinbre hotsa entzun eta paketea etxean. Abantaila dirudien arren, ez da beti horrela. Etxean harrapatzen bazaitu ideia ona da, baina hala ez bada zure konfiantza bizilagun edota lanpasaren esku utzi beharko duzu.

Azken finean, geroz eta aukera gehiago daude kontsumitzen jarraitzeko, eta berdin du urteko zein sasoitan den. Behar ez ditugun erosketak egitera behartua sentitzen gara, merkeago dagoelako. Black Friday, San Valentin, aitaren eguna... Edozein data da aukera paregabea behar ez dugun edozer gauza erosteko.