Inauteriak iritsi dira Euskal Herrira. Hartza eta lurra esnatu dira, eta udaberriari ongi etorria emateko garaia heldu da. Kaleak kolorez, musikaz eta mozorroz beteko dira, baina ospakizunaren atzean badira hausnartu beharreko hainbat kontu ere.
Izatez, inauteriak eztabaidagarriak dira. Askotan, pribilegiotik abiatuta, zapaldutako kolektiboak estereotipatzen eta estigmatizatzen ditugu. Mozorroetan islatzen den iruditeria ez da neutroa: afrikarrez mozorrotzen garenean (Afrika osoa errealitate bakar bat izango balitz bezala), zingaroz, kaldereroz edo "indioz" janzten garenean, guk geuk sortu dugun irudi estereotipatu bat erreproduzitzen ari gara. Ez dugu kontuan hartzen pertsona horien errealitatea, baizik eta gure ikuspegitik eraikitako karikatura bat.
Mugimendu antiarrazistetako kideek aspalditik salatu dituzte mozorro arrazistak, eta hauei buruzko gogoeta publikoa plazaratu dute. Eta guri dagokigu ardura. Gu gara gure herrietako kaleak mozorrotuta betetzen ditugunak, eta gu gara gure jokabideak birpentsatu behar ditugunak.
Ez dago aitzakiarik: arrazismoari, misoginiari edo transfobiari eustea ez da tradizio bat, baizik eta zapalkuntza betikotzea. Zapaldutako kolektiboak kontuan hartzea dagokigu, eta inauteriak baliatu behar ditugu geu ez garen norbaiten azalean jartzeko, baina betiere errespetutik eta hausnarketatik.
Inauteriak gozatzeko dira. Denek gozatzekoak. Ez guk bakarrik.