Astekoa

Adimen artifiziala gurean

Erabiltzailearen aurpegia Ane Zelaia Ruiz de Egino

Azken hamarkadetan, teknologia gure eguneroko bizitzaren parte bilakatu da. Mugikorrak, telebistak, robot garbitzaileak edota laguntzaile digitalak ez dira etorkizuneko kontuak, gaur egungo eguneroko tresnak baizik. Ezin dugu ukatu: gizarte digital batean bizi gara, eta teknologiarekiko harremana etengabea da. Ezin diogu bizkarra eman, eta ez genioke zertan eman, baizik eta kontrakoa, modu arduratsu batean teknologiak eman ahal dizkigun onurak probestu beharko genituzke.

Gaur egun euskararen presentzia bermatu behar dugu teknologia berrietan ere: ahots asistentzietan, itzultzaile automatikoetan, robot laguntzaileetan, sare sozialetan eta abarretan. Gure hizkuntza bizirik mantendu nahi badugu, ezinbestekoa da teknologia ulertu, erabili eta baliabide digital zein teknologia berrietan txertatzea.

Horregatik, ez diogu teknologiari muzin egin nahi, eta ez diogu euskarari uko egin behar teknologian. Biek ala biek gure egunerokoa osatzen dute, eta elkarrekin egin behar dute bidea, elkar sostengatuz.

Eta nola ez, Euskaraldia iristear dagoen honetan, Adimen Artifizialari galdetzeko unea iritsi da: aurten, zer izango gara? Ahobizi ala Belarriprest?