astekoa

Tradizioa?

Erabiltzailearen aurpegia Ane Zelaia Ruiz de Egino 2025eko uztailaren 21a

"Tradizio" hitzak badu guregan eragin berezi eta esanguratsua. Askotan, haren bidez gauzak justifikatu edo baztertu nahi izaten ditugu, gure alde edo kontra baliatuz, diskurtsoaren arabera. Hitza entzutean, zerbait sakratu, ukiezin eta zalantzan jartzea ezinezkoa balitz bezala sartzen zaigu barrenera, "klasikoaren" sinonimo izango balitz bezala.

Ezinezkoa da sufrimendua justifikatzea entretenimenduaren izenean, are gutxiago alternatiba kultural ugarik indarkeriarik gabe eskaintzen dutenean benetako gozamen eta parte-hartzea. Izan ere, zezenketek biolentzia ikuskizun bihurtzen dute, eta ondorioz, jendartean normalizatu egiten da: minaren gainean eraikitako festa bihurtzen da, ikusleen txalo artean.

Askok esaten dute "tradizioa” dela eta ez dela ukitu behar, bestela galdu egingo dela. Baina horixe da hain justu gakoa: tradizioek ez dute bizirauten geldi egonda, baizik eta garaiei egokituz. Eguneratzea ez da traizioa, baizik eta bizirik mantentzeko modu bat. Jaiak eta ohiturak aldatuz joan dira historian zehar, eta horri esker iritsi dira gaur egunera. Horregatik, ezin da tradizioa aitzakiatzat erabili aldaketarik ez egiteko. Galdera bat egin behar diogu geure buruari: tradizioaren izenean onartu behar al dugu animalia baten sufrimendua?

Sokamuturra berreskuratu nahi dutela irakurri dut azken aldian. Herrietako zezen festek parte hartzeko modu anitzak eskaintzen dituztela argudiatzen dute. Ea noiz ulertzen dugun indarkeriaren gainean eraikitakoa ezin dela normaltasun bihurtu.