Lotu hitzaren definizioarekin hasiko dut testu hau: soka, katea, edo bestelako baliabide baten bidez, bi gauza edo gehiago elkarri atxiki, higidura mugatu edo eragoztea. Edo, soka, oihal, edo antzeko objektu bat zerbaiten inguruan korapiloa eginez finkatzea. Adibidez, zapatak lotzen ditugu edota gerrikoa praketara ere bai. Eguneroko ekintza praktiko eta zehatza da.
Lotura hitzak erabilera desberdinak ditu, testuinguru emozional, sozial edota filosofikoetan ere bai. Norbaitekin emozionalki lotzea, oroitzapen bati lotua egotea, edota eskuak lotuta izatea. Lotura guztiak ez dira beti begi bistakoak, sentitzen ditugun loturak ere badaude. Adibidez, beldurrak edo inposatutako arauek ere lotzen gaituzte.
Hala ere, hizkuntzan zentratuz gero, definizioan azaltzen dena baino esanahi gehiago ditu. Objektuak ez ezik, harremanak, erabakiak, emozioak … ere lotzen ditugu eta erabilera honetan, loturak dependentzia, konpromiso edota opresio moduan ulertu daiteke.
Badaude askatu ezin diren korapiloak. Azken berrogeita hamar urte hauetan askatu izan ezin direnak. Aspaldi lotua eta ongi lotua utzi zutena askatzeko garaia heldu da.