Izaki sozialak garen heinean, ukaezina da gizakiok talderako dugun beharra. Gure identitatea ere harremanetan eraikitzen dugu. Sozializazio prozesua txikitatik hasten da, familia, eskola zein berdineko taldeak osatuz. Urteen poderioz, ikastolako lagunak izan direnak kuadrilla bilakatzen dira.
Kuadrillak egitura sozial bat dira, eta askotan ikusten ez diren presioak sortzen dituzte. Lagun talde hermetiko bilakatzen dira, arau jakin batzuk betetzen dituenak. Kuadrillarik ez izatea, askotan, estatus sozialik ez izatearekin parekatzen da. Kuadrillaren barruan hierarkia soziala dago, eta pelikuletan bezala, etiketa desberdinak egon ohi dira: Frikia, lodia, liderra, bollera …
Askoren kasuan, kuadrillatik kanpo geratzea amets gaiztoa bihur daiteke; eta baztertua ez sentitzeko edota taldean jarraitzeko, liderren jokabide zein pentsamoldeak jarraitzen dituzte, ados egon ala ez.
Horren ondorioz, kuadrillak nortasunaren ustezko sentimendu faltsua sortzen du: norberaren balioa taldearen onespenaren arabera neurtzen da, eta askatasun pertsonala taldearen dinamikaren menpe jartzen da.
Azken batean, laguntasuna birplanteatzea ez da soilik ariketa pertsonala, ekintza politikoa ere bada. Laguntasuna hautua da: elkar entzun, elkar zaindu eta elkar errespetatzeko borondatez eraikitako espazioa. Ez dezagun ahaztu: kuadrillak ere eraldaketarako espazio izan daitezke.